Mobilizazioetara gehitzeko deia egin du Matraka gazte talde feministak
"Antifaxismoa feminista izango da, edo ez da izango" goiburua aukeratu dute Euskal Herriko Gazte Feministek Martxoaren 8aren harira. Lelo horri jarraituz, Matraka Eibarko gazte talde feministak egun osoko egitaraua antolatu du gure herrian. Beste urteetan bezala, zapatuan deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute.
Eibarko programazioa eguerdian hasiko da Kultun egingo den "Eztabaida feminista: Biolentzia areagotzen ari da, zer dugu esateko?" solasaldiarekin. Geroago, 14:30ean, bazkari autogestionatua egingo dute Untzagako arkupeetan. Eguneko ekitaldi nagusia, manifestazioa, 19:00etan abiatuko da Untzagatik; eta, manifa amaitzearekoan, Eibarko kaleetatik barrena egingo den Marikotekarekin borobilduko da aurtengo egitaraua.
Martxoaren 8a dela eta, Euskal Herriko Gazte Feministek egiten duten irakurketa duzue jarraian:
"Gogor kolpatzen gaitu krisi anizkoitzak, pobrezia orokortua, indarkeria matxista, krisi ekosoziala… Migrazio politika bortitzak, pribatizazioa, familia heterosexuala eta emakumeen lan karga bikoitzak dira nagusi. Krisi testuinguru honetan, faxismoaren
oldarraldiaren lekuko gara. Oldarraldi honek kapitalismo kolonial patriarkala indarrez inplantatu nahi du, bere adierazpiderik bortitzena bilakatuz.
Erreakzio faxista patriarkala ere bada, gizon zurien jardun eta ideologia den heinean. Hala, modu berezituan eragiten digu neska, bollera eta trans gazteoi. Zapalkuntzen adibide dira sare
sozialetako erreakzio misoginoak, borroka feminista arazo sozialen kausa gisa identifikatzeko joerak edo gure borroka kriminalizatzen duten adierazpenak. Horregatik, borroka propiotik artikulatzen dugu faxismoaren aurkako borroka Izan ere, borroka antifaxista feminismo autonomotik ere aurrera eramatea ezinbestekoa da, gatazka eta garaipenak ez ditzaten borroka-eremu maskulinizatuek monopolizatu. Antifaxismoak ere izan baitezake iruditegi eta logika patriarkala.
Aldi berean, Gazte Feministok krisi sistemikoetan sortzen den ezinegona emantzipazio feministarantz artikulatzen dihardugu, eta, gurean, Euskal Herri feministaren eraikuntzaren forma berezitua hartzen du. Bide horretan,
Euskal Herriko Gazte Feministok antolatuta gaude auzo, herri, unibertsitate eta beste zenbait asanbladatan. Feminismoa hedatzen gabiltza eta borroka honek fruituak dakartza bueltan. Zenbaitzuen pribilegioak tentsionatu ditugu, horiek zalantzan jartzeraino; espazio maskulinizatuetan hegemonia lehiatu dugu, gizonek erreakzionatzeraino. Horretan berresten gara, faxismoa desagertzeko borroka kapitalismoa, patriarkatua eta kolonialismoa desagertzeko borrokarekin batera baitoa. Faxismoari aurre egiteko modu zuzenetako bat feminista izatea bera baita.
Antifaxismoa feminista izango da, edo ez da izango!
Batu martxoaren 8an EHMFak deitutako mobilizazioetara!
Gora borroka feminista!