Murrategi duina lortu nahian

Behetarrak dira, baina ez dira beste edozein eibartar baino gutxiago. Tamalez, egoera horretan sentitzen dira Murrategiko bizilagunak, “nazkatuta eta abandonatuta”, eta auzoa birgaitzeko berebiziko premia dutela salatzen dute. Lan horretarako dirua esleitu zuten 2023an, baina oraindik ez dute diru horren berririk izan. Beraz, Behetarrak elkartea akziora pasa da.
2026/06/05 10:04
Ekhi Belar Errasti

Azitain pasa eta Ego ibaiaren beste aldean aurkitzen da Murrategi auzoa. AP-8 autobideko zubiaren azpian, etenik ez duen auto hotsen artean, bertako bizilagunekin elkartu gara auzoa eta bere egoera bertatik bertara ezagutzeko. “Errepidearen junturak gero eta gehiago dilatatzen ari direla dirudi, prentsa baten antzeko zarata entzuten da auto bat pasatzen den bakoitzean eta bibrazioak ere sentitzen dira,” kexatzen da Santi Rodriguez.

Berarekin batera daude Marta Ferreira eta David Lopez Simon Murrategiko bizilagunak, eta Jose Andres Urkia, Azitainen jaiotakoa eta Behetarrak elkarteko kidea hastapenetatik. Auzoaren sarreran egin dugu topo eta tour moduko bat egin digute, azaletik bada ere, Murrategi eta bertako bizilagunen egoera gehiago ezagutzeko.

Eremu degradatua da Murrategi. Ez bakarrik bizilagunek diotelako, baizik eta Udalak enkarguz 2019an argitaratutako Birgaitze Integraleko Plan Bereziak berresten duelako. Dokumentuak jasotzen duenez, auzoak degradatutako eremu izateko baldintza guztiak betetzen zituen: etxebizitzen egoera txarra zela, irisgarritasun arazo larriak zeudela, isolatuta zegoela eta sarbide eskasekin, gune publikoen eta berdeguneen falta zegoela, zerbitzuen eta ekipamenduen gabezia... eta egoera ez da aldatu harrezkero. “Barandak zuriz margotzen dituzte lantzean behin, errepideko zuloren bat estali eta kitto. Partxeak, besterik ez”, bizilagunen berbetan.

 

Arriskuan dagoen ondarea

Murrategi Azitainekin lotzen duen zubia pasata aparkalekua dago eta horren ingurukoak dira azaleratzen dituzten lehen kexak. “Batetik, aparkatzeko toki falta dago. Auzoko etxe guztiak beteta daude, 32-36 familia bizi gara bertan, eta oso aparkaleku gutxi dago”, dioskue. “Parean dagoen garajearen lurrak Udalak erosi zituen. Zergatik ez dute botatzen eta aparkaleku gehiago egiten?”, galdetzen dute.

Baina hori ez da aparkalekuekin duten arazo bakarra. “Aparkalekua hondoratzen ari da”, diosku Rodriguezek. Izan ere, eta bertan argi ikusten denez, errepidearen eta autoak aparkatuta dauden tokiaren artean malda antzeman daiteke. “Ikustera etorri izan dira, arkitektoa eta, baina ez dute ezer egin”.

Urkiaren berbetan, horren arrazoia aparkaleku azpian dagoen tunela da. “Gerra Zibilean armen trukaketa egiten zen hor. Hemen inguruko mendietan zebiltzan gudariek armak lagatzen zituzten Arrate inguruko frontean zebiltzanek hartzeko”, kontatu digu.

Izan ere, historia duen tokia da Murrategi. Ez bakarrik Gerra Zibileko kontu horregatik edo, sastrakak estalita dauden uhateek duten esanahiagatik, baizik eta orain dela hainbat mende sortu zen zubia dagoelako bertan. Aixa errekak (Aiagaerreka) Ego ibaiarekin bat egiten duen tokian dago eta Goi Erdi Arokoa da (V. eta X. mendeen artekoa). “Bide Errealaren aurrekoa da eta Ego ibaiaren eskuineko aldetik joan eta Irure auzoa igarota, Soraluzera iristeko aukera zegoen, handik penintsularen hegoaldera edo iparraldera joan ahal izanez; edo Deba ibaitik Elgoibarrera eginez gero, Pirinioetarako bidea hartuz”, azaldu digute. “Harri-hormarekin egina dago, baina gaur egun etengabeko hondatze egoeran dago”.

Zubi horretatik pasatuz gero, eraikin abandonatu batera heldu daiteke. “Bidea sastrakaz beteta egon ohi da, baina orain bidetxo bat dago eta gaztetxoak ibiltzen dira hor, txabolak egiten eta. Eraikina oso egoera txarrean dago, ea ez den ezer gertatzen hor”, azaldu digute bizilagunek kezkatuta.

 

Larrialdietarako bide estuegia

Aparkalekua atzean lagata erdiko bidea hartzen badugu, aurten ehun urte bete dituen Trust Eibarres enpresaraino heldu gaitezke, auzoak duen ondare industrialaren lekuko (zaharragoak dira bertan izan diren errotak, lehenik aleak irin bihurtzeko eta gero elektrizitatea sortzeko erabili zirenak).

Errepidea nahiko zabala da, Trustera doazen kamioiak sartzen dira bertatik, baina arekak landaretzaz beteta daude eta, Ferreirak dioenez, “euria egiten duenenean ur guztia errepidetik jaisten da eta ezinezkoa da bertatik ibiltzea”.

Fabrikara iritsi baino lehenago, eskuinetara, egun beroenetan freskatzeko balio duen ur-putzura eramaten duten eskailerak hartu daitezke. Rodriguez makuluarekin dabil eta eskaileraren zementuzko euskarrian jarri behar du eskua jaitsi ahal izateko. “Begira, ukitu hau”, diosku, eta bai, igartzen da heldulekua ez dela eusteko batere erosoa, punta-zorrotzak dituela dirudi.

Putzua atzean lagata, eta auzoak duen beste errepidera joateko, barandarik ez duen zubi bat zeharkatu behar da. “Kontuz ibili behar zara errekara ez erortzeko”, diosku Ferreirak. Izan ere, ama zubitxo hori pasata bizi da, beraz, askotan egiten du bide hori.

Murrategiko beste kale hori estuagoa da eta Ferreiraren amak ondo daki horrek dakarren arazoa zenbaterainokoa den. “Behin, etxeak sua hartu zuen eta suhiltzaileak ezin ziren bertara iritsi”, kontatu digu. “Anbulantziak ere ez dira sartzen. Errepidea zabaldu egin behar da”.

 

Farolak eta telebista

Behera eginez, berriz heltzen gara aparkalekura, baina azken aldapan ere kontuz ibili behar da, malda handia dagoelako, espaloi gutxi eta euria egiten duenean irristakorra da. “Aparkalekutik kale horretara heltzeko irisgarritasuna hobetu behar da”, diosku makuluarekin dabilen Rodriguezek.

Aparkalekura helduta, auzoan egin beharreko lanen inguruan hausnartzen dute bizilagunek. Baina arazoak ez dira horretara mugatzen, hain begi-bistakoak ez diren kontuak ere badaude-eta. “Adibidez, iluntzen duenean, farolek ez dute argi askorik ematen eta segurtasun faltaren sentsazioa dago”, azaldu digutenez. Dena dela, azpimarratzen dute auzoan ez dela inoiz arazo larririk egon zentzu horretan eta bizilagunen arteko harremana oso ona dela, oso estua kasu askotan. Bestela ere, lehen auzozainak behintzat bertaratzeko ardura hartzen zuela diote, “baina orain hori ere ez”.

Beste bitxikeria bat ere kontatu digute: “Autobidearen zubia delaeta telebistaren seinalea ez zenez ondo heltzen, antena komunitarioa Azitaingo Lanbide Eskolan dago. Orduan, seinalea joaten bada, han dagoen etengailua sakatu behar da. Eta ondorioz, seinalea ostiral arratsaldean badoa, astelehenera arte telebista gabe geratzen zara, Lanbide Eskolan ez dagoelako inor”.

Zaborrari dagokienez, egoera hau azaldu digu Rodriguezek: “Garbitzaile bati kexatu nitzaion eta zera esan zidan: Baina begira non bizi zareten. Ba beste edozein eibartarrek bezala zergak, isunak edo dena delakoa ordaintzen dugu guk ere”.

 

3 milioi euroren zain

Murrategiko egoera horri buelta emateko, eta 2021eko otsailean PSE-EE alderdiak auzoko Birgaitze Integraturako Plan Berezia onartu ondoren, EH Bilduk auzoa biziberritzeko 3 milioi euro bideratzea adostu zuen Espainiako Gobernuarekin. Oraindik, ostera, auzora ez da euro bat ere iritsi eta alderdi politikoak elkarri mokoka ari dira gaiaren inguruan. Bilduk PSE-ren utzikeria salatzen du eta PSE-k Bilduri leporatzen dio 3 milioi horiek akats baten ondorioz kultura-arloko beste partida batean sartu izana eta akatsa ez zuzentzea, laguntza atzeratzearen arrazoia hori dela argudiatuz.

Bien bitartean Murrategikoek bertan bizitzen jarraitu behar dute eta aspalditik daude gauzak hobetzeko zain. “Plan Berezian jasotako epeak ez dira betetzen ari eta 2023rako aurreikusitako urbanizazio proiektua oraindik ez da martxan jarri”, diote.

Gauzak horrela, eta Behetarrak elkartearen bitartez, 3 milioi horiek non dauden galdetzen dute. “Ez dakigu iritsi diren, ez diren iritsi, etorriko diren, Madrilen arrazoiren bat eman duten... Zerbait jakin nahi dugu”, diosku Urkiak. “2025eko abenduaren 1ean Jon Iraola alkatearekin bildu ginen eta esan zigun bera joango zela Madrilera 3 milioien inguruan galdetzera eta diruarekin itzuliko zela. Txantxetan esan nion nik neuk autoan eramango nuela. Pozik eta ilusioz irten ginen bilera hartatik”, azaldu digu Rodriguezek. Iazko urte amaierarako erantzun bat jasoko zutela ziurtatu zietela diote, “baina sei hilabete pasa dira eta ez dakigu ezer”, dio Urkiak.

Horren aurrean, Behetarrak elkartea eta Murrategiko bizilagunak akziora pasa dira eta joan den asteko plenoan euren kexak agertu zizkioten udal-gobernuari. “Ezustean harrapatu genituen, euren aurpegiak ikustea besterik ez zegoen. Baina hainbeste aldiz eurengana joan eta erantzunik jaso ez dugunez, puntu horretara iritsi behar izan gara”, diote, eta ez dira geldituko euren beharrak eta eskakizunak entzunak eta asetuak izan arte.

Gainera, eta auzoa inork baino hobeto ezagutzen dutenez, “oso prest gaude gure behar nagusiak zerrendatu eta Udalarekin elkarlanean aritzeko”, dioskue. Duintasunik ez zaielako falta.