Musika ona kalean eta jai giroan
Ez zaitez nahastu izenarekin. Ez da tuna bat, txaranga bat baizik. Latuna Bando da Eibarren sortu den txaranga berria eta Gabonak inguruan hasi zuen bere ibilbidea. Musika Bandako kideek osatzen dute txaranga ia bere osotasunean eta gogo handiarekin daude proiektu pertsonal honi maitasun handia eman eta Euskal Herriko txoko guztiak jai giroan murgiltzeko.
Mila buelta eman ondoren izenari, esperantora jo behar izan zuten txarangako kideek. “Latuna Bando esperantozko berbak dira eta txaranga esan nahi du”, azaldu digu Aner Cardo taldeko saxo-joleak. “Brass band deritzote amerikarrek egin ohi duten txaranga antzeko musika formazioei eta izendapen hori gustatzen zaigu; baina, ingelesezko izen bat ez jartzearren, hizkuntza internazional horretara jo dugu, esperantora”, gehitzen du Andoni Ariznabarreta tronboi-joleak.
Musikak eta jai giroak toki berezia dute gure herrian eta gauza biak uztartzeko sortu da Latuna Bando. Guztira 14 lagunek osatzen dute banda (gehienak eibartarrak dira, baina badago Ermua, Soraluze, Elgoibar, Deba, Mendaro eta Legazpiko jendea ere) eta gehienek Eibarko Musika Bandan jotzen dute. “Zerbait sortzeko gogoa bagenuen. Hau da, bandatik aparte juergarekin eta jaiarekin lotura izango zuen zerbait, eta txaranga sortzea izan zen ideietako bat”, diosku Andonik. Anerrentzat txaranga “proiektu pertsonala da, lagun batzuen artean sortu dugun txaranga herrikoia”.
Esperientziadun musikariak
Lagun artean bai, baina ez edozein modutan. Bandarekin jotzen dutenean sentitzen duten exijentzia bera sentitzen dute txarangarekin ari direnean eta musika ondo jo nahi dute. “Ez dugu edozer gauza egin nahi”, dio Anerrek. “Ondo jo nahi dugu, baina, bandarekin alderatuz, modu informalago batean”, zehazten du Andonik.
Horregatik, gauzak ondo egin nahian, hasieran hilabete batzuetan zehar entseatzen bai baina kalera irten ezinda ibili ziren, perkusiojolerik ez zutelako. “Kalean jotzeko demaseko gogoa genuen, baina ez genuen perkusioa joko zuen inor aurkitzen. Eta noski, perkusiorik gabe, gauza ez da iguala, txaranga batentzat beharrezkoa da. Azkenean, lortu genuen bat eta martxan jarri ginen”, azaldu digu Anerrek.
Musikari dagokionez, denetik jotzen dutela azaldu digu bikoteak. “Txaranga batek denetik jotzen du. Orain arte, tanborrada batean jo dugu, aratosteetan, Korrikan, jaietan… Errepertorio zabala dugu eta edozein eskaintzatara moldatzen gara”, kontatu digute. “Pasodoblea jotzea nahi duzula? Ba pasodoblea! Publikoaren eta momentuko giroaren arabera, alde batetik edo bestetik jotzen dugu. Ez da gauza bera Korrika egunean jotzea, euskal abestiak jotzen saiatzen zarelako; edo jaietan, hor beste jai-giro bat jartzen saiatuko zarelako jendea animatu dadin”.
Toki ezberdinetako taldekideak izanda, ez da erraza izaten entseatzeko momentuak aurkitzea, baina normalean zapatu goizetan egiten dituzte entseguak, Eibarko Musika Bandak entseatzen duen toki berean. “Zapatu goiza gordetzea zaila izaten da, baina bestela ez dago beste aukerarik”, diosku Andonik. “Beti ez gaude taldekide guztiak entseatzeko, hori izango zen idealena, baina ahal dugun moduan moldatzen gara”, zehazten du Anerrek.
Emanaldi arrakastatsuak
Gabonen inguruan hasi zuen bere bidea Latuna Bandok, eta orain arte zenbait tokitan egon da. “Gabonetan Bermeon egon ginen danborradan jotzen (nahiko gauza arraroa izan zen, baina hango jendea oso pozik gelditu zen), Soraluzeko aratosteetan izan ginen, eta baita Igorren Korrika egunean ere”, aipatu digu bikoteak. Oso eskertuta daude, hastea ez delako erraza izaten eta jendeak eurengan konfiantza jarri zuelako.
Latuna Bandok zapore ezinhobea laga omen du toki horietan, Igorretik eta Bermeotik berriz ere deitu dietelako bertan jotzeko. “Datorren astean Igorreko jaietan joko dugu eta irailean Bermeon, benetako danborradan”, diote barrez. “Eta Soraluzen ere seguru joko dugula, hemen alboan dugulako eta herriarekin lotura dugulako”, gehitzen du Andonik.
Jai-giroan eta jende askoren artean jo arren, errespetuz tratatzen dituztela esan digute, baina festa giroan aritzean kontu gehiago izan behar dutela diote, musika-tresnak ondo zaindu behar direlako edo jotzen ari diren bitartean musika-tresnarekin jo daitezkeelako. “Jende asko badago, taldekideek borobil bat egiten dugu elkarri babesteko. Baina tira, normalean ez dago batere arazorik”.
Festa sasoia
Uda sasoia jai sasoia izan ohi da eta Latuna Bandoren agenda betetzen doa poliki-poliki. Momentuz, hauek dira aurretik dituzten emanaldiak: “Igorren egongo gara datorren astean, Eibarko San Juan jaietan ekainaren 24ko arratsaldean kalejira egingo dugu (19:30etik 21:30era), abuztuan Elgoibarko jaietan joko dugu eta irailean Bermeoko danborradan egongo gara”.
Ziurrenik bolo gehiago irtengo zaizkie udan zehar. “Aste honetan bertan toki batetik deitu digute asteburu honetan jotzeko, baina hain denbora gutxirekin ezin izan gara antolatu”, esan digu Anerrek. Dena dela, proposamen guztiak eskuzabalik hartzen dituzte eta, ahal izanez gero, han eta hemen jotzera animatuko dira, baita despedidetan eta bestelako ospakizun berezietan ere. Beraz, eurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, latunabando@gmail.com helbidera idatzi edo Instagram bitartez eurekin harremanetan jarri daiteke.
Andonik eta Anerrek, behintzat, ilusioz begiratzen diote proiektu berriari: “Gogo askorekin gaude eta hau izango da lehen uda guretzat. Jotzen dugun tokietan gustora gelditzen badira, gu pozik. Gauzak ondo egin nahi ditugu: ondo jo, eta oroitzapen on bat laga”.