Mutrikuk hartuko du 88. SketchCrawla uztailaren 19an

Euskal Herria Sketchcrawl taldea da deialdiaren bultzatzailea. Egun osoko egitaraua proposatu dute haien koadernoetan herriaren nortasuna islatzeko.
Mutrikuk hartuko du 88. SketchCrawla uztailaren 19an
2025/07/16 17:22
eta kitto!

Arrate Plazaola eibartarraren proposamena eta egitaraua jarraituz, Euskal Herria SketchCrawl taldeak Debabarrena aukeratu du, Mutriku zehazki, 88. SketchCawla ospatzeko. Nahi duten marrazkilariak hurbildu daitezke bertara nazioarteko deialdia jarraitzera. Larunbaterako, uztailak 19, egun osoko egitaraua proposatu dute, "gure koadernoetan herriaren nortasuna islatzeko, bakoitzak begien aurrean daukana modu pertsonalean erabiliz", azaldu dute.

Hasierako elkarretaratzea Txurruka Plazan izango da, 10:00etan. Taldearen argazkia egin eta gero bakoitzak aukeratuko du zer agertuko den koadernoan: eraikinak, monumentuak, eguneroko bizitza... Ondoren, 12:00etan, berriro elkartuko dira merkatu txikira joateko. Berezitasun bat izango du zapatuko merkatuak; Izan ere, herritarrek atun errea dastatzeko aukera izango dute larunbatean, 12:00etatik aurrera, portuan. Arraina prestatzeko lanean Mutriku arraun taldeko kideak arituko dira. "Sabela zaindu eta gero, igerileku naturalak izango dira jomuga. Bertan dagoen paisaia eta giroaz gozatzeko aukera izango dugu, eta nahi dutenek bainua hartzeko aprobetxatu ahalko dute", diote.

Aurrekoetan Hendaian (Lapurdi) eta  Sestaon (Bizkaia) bildu dira, eta hurrengo saioak Leitzan (urrian) eta Donapaleun (urtarrila) egingo dituzte. Hori da 2011an martxan jarri zen taldearen taldearen ezaugarrietako bat, herrialdez herrialde mugitzen dela.

SketchCrawl deialdiak hiri edo herri zehatzetan egiten dira orokorrean. Baina talde honen sorreratik Euskal Herria finkatu zen eremu bezala. Honek, alde batetik, asko baldintzatzen du bere ekimena, herrialdez herrialde mugitzen delako, beti leku berri batean egiten delako eta, orokorrean, beti dago kilometroak egin behar dituen jendea. Baina, bestetik, "ematen digu aukera herria ezagutzeko eta gure lerroek oso mapa ederra josten dute deialdiz deialdi", diote.