Naiara Gutierrez: “Niretzat Irun eta Hendaia artean ez dago mugarik, baina pertsona beltz batentzat bai”

Naiara Gutierrez: “Niretzat Irun eta Hendaia artean ez dago mugarik, baina pertsona beltz batentzat bai”
2023/04/21 10:41
eta kitto!
Hilaren 25ean, 18:30ean, ‘Ipar basatia’ dokumentala egongo da ikusgai Coliseo antzokian. Zehar Errefuxiatuekin elkarteak Al Borde Filmsekin elkarlanean sortutako lana da eta Irun-Hendaia eta Mexiko-AEB arteko mugen artean bidaia egiten du, gerratik ihes eta babesleku bila dabiltzan pertsonek bizi dutena azalduz.

Dokumentala eskaini ondoren, lanaren eta gaiaren inguruan solasaldia egiteko aukera egongo da eta bertan izango dira, besteak beste, Zehar Errefuxiatuekin elkarteko kideak. Naiara Gutierrez da elkartearen komunikazio arduraduna eta dokumentalaren gidoian eta ekoizpenean lan egin du.

 

Dokumentala egiteko ideia Zehar Errefuxiatuak elkartetik sortu zen, baina zein asmorekin?

Zehar Errefuxiatuekin elkartetik hainbat urte daramatzagu lanean erbestera jo zuten herritar asko izan zituen herrialde baten inguruko memoria historikoaren eta gaur egun Euskal Herrian babesleku bila dabiltzan edo Euskal Herria zeharkatzen duten errefuxiatuen inguruan. Arlo bien artean paralelismoa egiten dugu, bi sasoi, testuinguru politiko eta toki oso ezberdinak direla aintzat hartuta. Hala ere, erbesteratzeari, iragateari (batzuetan oso modu biolentoan), beste herrialde batera heltzeari eta harrera prozesuei dagokienez antzeko bizipenak daude. Dokumentala lan-ildo horretan kokatzen da. Lengoaia zinematografikoaren bitartez ohikoa ez den diskurtso batekin eta narratiba ezberdinekin publiko guztiengana iristea izan da asmoa. Horretarako, Al Borde Films ekoiztetxearekin elkarlanean ibili gara, urte askotako lanaren emaitza izan den ‘Ayer también huimos’ ikerketa ikus-entzunezkoen bitartez islatzeko.

Nolako prozesua jarraitu duzue ikerketa hori dokumental bihurtzeko?

‘Ipar basatia’ proiektu ederra izan da, oso dotorea sormenaren arlotik eta konplexua sarritan. Konplexua arrazoi askorengatik. Batetik, zaila izan delako paperean genuen ideia ikus-entzunezkoen bitartez irudikatzea. Eta bestetik, dokumentala grabatzen ari ginen bitartean COVID-19aren pandemiak harrapatu zigulako. Grabaketa-prozesua zaila izan da. Dokumentalaren zati bat Ipar Euskal Herrian grabatu genuen eta elkarrizketa batzuk Emmanuel Macronek bigarren itxialdia dekretatu eta mugak itxi aurretik egin genituen; eta Mexikoko grabaketa bereziki izan da zaila. Berez zaila bada herrialdeen arteko mugetan grabaketak egitea, batez ere Mexiko eta AEB artean, pandemia sasoian are gehiago.

Pandemiak nola zaildu du berez zaila den egoera hori?

Pandemiaren ondorioz herrialdeen arteko mugak itxi egin zituzten eta, ondorioz, pertsonak ez ziren herrialdeetara iristen, baina ez zen errefuxiaturik ez zegoelako, tamalez mundu guztian zehar baitaude. Ohikoena da errefuxiatuek gerrengatik edo gatazka-armatuetatik ihes egitea euren herrialdeetatik, baina arrazoi gehiago daude (jazarpen sistematikoa, indarkeria matxista, behartutako ezkontzak, mutilazio genitala, sexu esplotazioa...). Erdialdeko Amerikan, adibidez, krimen antolatutik (marak eta bestelako gaizkile-taldeak), narkotrafikotik, estatuen biolentziatik, enpresa transnazionalek eragindako egoerengatik eta abarretatik ihes egiten dute. Arrazoi horiengatik guztiengatik, pandemia aurretik, pandemian zehar eta pandemiaren ondoren askok euren herrialdeetatik ihes egiten dute. Pandemian zehar mugak itxi zituztenez, migratzaile asko Giza Eskubideak urratzen diren herrialdeetan (Libian edo Marokon, adibidez) edo mugetan harrapatuta geratu ziren (dokumentalean ikus daitekeen bezala), eta horrek prozesua are gehiago zaildu zien mugetan militarizazio-prozesuak ematen diren sasoi hauetan.

Dokumentala Irun-Hendaia eta Mexiko-AEB arteko mugetan kokatu duzue. Zergatik?

Hasiera batean badirudi muga biak ez direla konparagarriak, baina Giza Eskubideak urratzen dira toki bietan. Niretzat Irun eta Hendaia artean ez dago mugarik, baina pertsona beltz batentzat bai eta, ziurrenik, zubia gurutzatzen duenean gelditu eta itzuli egingo dute. Hau hemen gertatzen da, gure begien aurrean; baina bestetik, Gerra Zibilean zehar harrera-politika atseginak izan zituen Mexikon gaur egun zer gertatzen ari den ikusi nahi izan genuen.

Kasu bietan migrazio fluxua iparralderantz ematen da eta, izenburuaren arabera, iparralde hori basatia dela diozue. Zergatik?

Izenburua oso egokia dela iruditzen zaigu. Migrazio-, erbeste- eta babes-prozesuak ziklikoak dira. Gerra Zibilaren testuinguru horretan iparraldekoak gaur egun hegoalde globala bezala ezagutzen den herrialdeetara erbesteratzen ziren (Mexikora, Venezuelara...); gaur egun, ostera, alderantziz gertatzen da eta hegoaldekoak iparraldera erbesteratzen dira. Baina, iparraldea zergatik da basatia? Askotan errefuxiatuei gizatasuna kentzen diegu eta horregatik erabiltzen dira ‘jendeolde’ moduko terminoak, besteak beste. Diskurtso xenofoboenek diote pertsona basatiak direla, baina ez da horrela, basatia iparraldea da; mugak, biolentziak eta politikak dira basatiak. Hortik dator dokumentalaren izenburua.

Nola moldatu zarete prozesu zailak bizitzen ziharduten migratzaileak elkarrizketatzeko?

Gure egunerokoa migratzaileei laguntzea da. Arrazoi gogor ezberdinengatik egiten dute ihes, inork ez du hori egin nahi. Erbestea inorentzat ez da atsegina. Beraz, gaur egun hona iristen direnekin egin dugu berba eta orain dela urte asko erbestera joan ziren emakumeen testigantzak jaso ditugu Intxorta 1937 elkarteak egindako lanari esker. Garrantzitsua izan da euren berbak jasotzea, normalean gizonezkoen esperientziak jaso izan ditugulako. Gaur egungo eta orain dela hamarkada batzuetako migratzaileen kontakizunak ez dira oso ezberdinak. Adibidez, berdin sentitzen dute erbesteratzearen deserrotzea, itzultzeko desira dute, arrazismoa aurkitzen dute espazio batzuetara heltzerakoan (lana edo etxebizitza bilatzerakoan, adibidez) eta harrera egiten dien gizartearen berotasuna eskertzen dute, besteak beste. Horrek guztiak erakusten digu atzera begiratu behar dugula gaur egun gizarte bezala harrera hobea eskaintzeko.

Zuek bezala, beste elkarte eta gizabanako batzuek lan eskerga egiten dute errefuxiatuei laguntzeko eta bidelagun izateko. Nolako lana egiten duzue eta zer egin dezakezue?

Errefuxiatuen bidelagun diren elkarte batzuekin egin dugu berba dokumentalean. Ipar Euskal Herrian ‘Etorkinekin’ elkartearekin egon ginen, adibidez. Gainera, Mexikon bi aterpetxetan egon ginen, bata herrialdearen erdialdean dago eta bestea muga inguruan, eta migratzaileei ibilbidean zehar laguntzen dieten gizabanakoak eta elkarteak ezagutu genituen (El Saltilloko migratzaileen-etxea, adibidez) . Dokumentalean laguntza horren garrantzia ikusten da. Izan ere, migratzaileek oso ibilbide biolentoa egiten dute euren jatorriko etxetik Mexikoraino eta, gero, AEBraino, eta eurentzat migratzaileen-etxeak arnasguneak dira lo egiteko, atseden hartzeko, lege-aholkularitza jasotzeko eta bidaiarekin jarraitzeko. Kasu askotan, bidaia ‘La Bestia’ izeneko trenean egiten dute. Mexiko gurutzatzen duen trena da eta igo direnek ibilbidean zehar bizi izandako indarkeria egoera ugari kontatu dituzte. Pertsona migratzaileei laguntzen diegun elkarteen lana haiei laguntzea da, arnasgune eta segurtasun tokiak izatea, laguntza psikologikoa eta soziala eskaintzea, eta euren bizitzarekin jarraitzeko laguntza ematea. Batzuetan pentsatzen dugu toki batera iristean euren bidea amaitu egin dela, kitto, baina kasu bakoitza ezberdina da eta askorentzat zaila izaten da bizitza berria hastea.

Coliseoko saioan, dokumentala eskaintzeaz gain, nolako solasaldia eskainiko duzue?

Dokumentalean azaltzen diren kontuak izango ditugu mintzagai eta, noski, bertaratzen direnek edozein gauza galdetzeko aukera izango dute, dokumentalaren zein errefuxiatuen errealitatearen inguruan.