Nalua: “Plazeretik eta amorrutik jardungo dugu herria feminismoz betetzen eta salatu beharrekoa salatzen”

Nalua: “Plazeretik eta amorrutik jardungo dugu herria feminismoz betetzen eta salatu beharrekoa salatzen”
2023/09/29 10:57
eta kitto!
Nalua Eibarko talde feministak 10 urte bete ditu eta jaialdia prestatu du biharko data berezia ospatzeko. Horrela, bihar 12:30ean hasita, mota askotako ekintzak egingo dituzte Errebalen. “Eibarko feminista guztiak gonbidatuta daude urteurrenera!”, esan digute.

askjhg

Nolakoa izan da Naluaren 10 urteko ibilbidea?

Ibilbide luzea izan da; gogorra batzuetan, baina, oro har, emankorra, oparoa eta plazerez betetakoa. Gogoan ditugu lehenengo bilerak. Ilusio handia genuen eta edozertarako prest geunden, helburu zehatz bezain potolo batekin: gure herria, Eibar, feministagoa bilakatzea. Horretarako, mobilizazioak, dokumentalak, zozketak, protokoloak, jaiak, hitzaldiak, topaketak, proiekzioak, kanpainak, performance-ak, musika jaialdiak eta beste hamaika egitasmo egin ditugu. Badakigu askotan zalantzan jarri direla gure ekimenak eta egiteko moduak –gogor kritikatu ere bai–, baina, atzera begira jarrita, oso harro gaude egin dugun guztiaz. Kritikotasunez jardun dugu, umoretik ere bai, originaltasunez… Pozik gaude eman dugunarekin, bidea samurra izan ez bada ere; horrek indarra ematen digu lanean jarraitzeko. Gainera, uste dugu herrian igarri dela mugimendu feminista aktiboa egon dela –eta dagoela–.

Herriak nola erantzun dio denbora honetan egin duzuenari?

Askotariko erantzunak jaso ditugu, baina beti jakin dugu feedback guztiei alde ona ikusten. Erantzun positiboek babestuta gaudela sentiarazten digute eta erantzun txarrek, ostera, erakusten digute gauzak ondo egiten ari garela; izan ere, publiko konkretu bat haserrearaztea edo deseroso sentitzea bada zerbaiten seinale. Adibide batzuk jartzearren, eraso sexista edo homofobo bat jasan duen pertsona bat gurekin harremanetan jartzen denean, konturatzen gara urte hauetan erein dugula zerbait. Era berean, gizonen pribilegioetan jopuntua jartzen dugunean edota espazio ez-mistoak sortzen ditugunean, erantzun gogorrak eta oldarkorrak iristen zaizkigu; eta hori ere bada ereindakoaren uzta.

Denbora honetan, bidelagunak ere sortu dira, Matraka! kasu. Mugimendu feminista indartsu dago herrian? Talde, erakunde eta eragileen aldetik, nola ikusten duzue egoera?

Eskerrak bidelagunei! Eibarko emakumeen elkarte historikoak, sortu diren eragile feminista berriak, kultur arloko elkarteak, gazte mugimendua, eskualdeko eta Euskal Herriko talde feministak… Ondoan izan ditugu guztiak momenturen batean edo bestean, eta elkarlana funtsezkoa izan da Naluaren ibilbidean. Oso eskertuta gaude. Erakundeek, ostera, lagundu baino trabak jarri ohi dituzte: isunak, ukatutako baimenak, euren burua zuritzeko eskaera interesatuak… Horregatik erabaki zuen Naluak, besteak beste, autogestioaren bidea jarraitzea.

gfhgg2345

Nola bizi duzue urte hauetan mugimendu feministak gizartean hartu duen indarra?

Lehenengo lerroan egonda izan gara mugimendu feministaren indar erakustaldi handien lekuko. Naluaren lehenengo martxoaren 8an, photocall bat jarri genuen Untzaga plazan. “Feministak gara” zioen, eta lelo horrekin argazkia ateratzera animatu nahi genituen herritarrak. Askok esan ziguten beraiek ez zutela feminismoarekin bat egiten, hitz hori ez zitzaiela gustatzen, eta nahiago zutela “berdintasuna”. Ariketa polita izan zen gaur egun iritziz aldatu duten feminista askorentzat. Horretan lagundu zuen urte batzuk geroago, zehazki 2018ko martxoaren 8an, etorri zen inflexio puntu erraldoiak ere: mundu mailako greba feministak. Ikaragarria izan zen Eibarren ikusi genuena; gazte nahiz heldu elkartu ginen aldarrikapen eta hausnarketa interesgarriekin. Indar gehiagorekin egin zen 2019ko greba. Gero eta belaunaldi gazteagoak ikusi ditugu borroka feministaren olatuari heltzen, eta ziur helduen kontzientzian ere izan duela inpaktua… Halere, adi egon behar gara; izan ere, sistema anker honek badaki guk sortzen dizkiogun arrakalak baliatzen eta egoerari buelta ematen. Mugimendu feministaren diskurtsoak eraldatzen ditu kapitalismoak, eta egin ditugun aurrerapausoak erabiltzen ditu bere mesederako: multinazional handiek emakumeak eta haurrak esplotatzen dituzte lelo feministak dituzten kamisetak saltzeko; enpresetan emakumeak zigortzen dira zaintzarako baimenak eskatuz gero; kristalezko sabaiek edota inposatutako ereduek hor jarraitzen dute; eta bizitza sostengatzen duten zaintza-lanak gutxietsita eta erabat prekarizatuta daude, emakumeek, migratzaileek eta bazterretan daudenek egiten dituztelako. Ez gara gizarte berdinzale batean bizi; gehiengoa zapaltzeari esker gutxi batzuen ongizatea nahi duen sistema da gurea. Eskuin-muturraren gorakada ere hor dago; urte luzez borrokatutako eskubideak kolokan egon daitezke une batetik bestera. Borrokan jarraitzea besterik ez dago.

Gaur egun, eta etorkizun laburrera begira, zeintzuk dira zuen helburu nagusiak?

Egia esanda, pandemia-egoerak lur jota utzi gintuen. Esango genuke, oro har, kalte handia egin duela herri mugimenduetan eta militantzian. Apurka-apurka ari gara indarra eta ilusioa berreskuratzen –eta aurten 10 urte betetzeak eman digu bultzada–; horrenbestez, epe laburrera gure helburua erabateko aktibazioa lortzea da. Orain arte egin dugun moduan, plazeretik eta amorrutik jardungo dugu herria feminismoz betetzen eta salatu behar den guztia salatzen.

6543

Azaroaren 30ean Greba Feminista deitu dute. Herrian ekintzak prestatuko dituzue?

Greba bat antolatzea eta abiatzea ez da lan makala, eta, gure kasuan, are gutxiago greba San Andres egunean izango dela kontuan hartuta. Erronka handia datorkigu eta Greba Batzordea lanean da dagoeneko. Bilera irekiak egiten ari gara, eta parte hartzeko gonbidapena luzatu nahi dugu; denon aletxoa beharko dugu oraingoan ere.

Borroka feministaz gain, umorea eta jai giroa bultzatu duzue eta, zentzu horretan, zapatuan 10. urteurreneko jaialdia egingo duzue. Egitaraua zabala da, goizetik gauera. Zer espero dezakegu?

Beti saiatu gara feminismoaz gozatzen eta gure ibilbidea goxatzen duten ekimenak antolatzen; borrokatzea askoz dibertigarriagoa da ondo pasatzen bada, –eta ziur eraginkorragoa ere badela–. Norbaitek esan zuen “jaia bai, borroka ere bai”, eta guk ere hori diogu: “Borroka bai, jaia ere bai”. 10 urte egin ditugu, eta hori ospatzekoa da. Filosofia horri jarraiki –eta oztopoak oztopo– egitarau polita prestatu dugu; denetarik egongo da. Musika, ikuskizunak, ekitaldia, jolasak, zozketak…