Napoka Iria (Miren Narbaiza & Ander Mujika): “Gure lanaz gozatzeko agertoki aproposa da Coliseoa”
- Zelan aurreikusten duzue Coliseoan eskainiko duzuen kontzertua?
Aukera berezia moduan. Toki aproposa da gure lana erakusteko. Aurretik ere jo dugu Eibarren, baina agertoki horrek erakargarriago bihurtzen du, gure musika entzutea nahi duen edonorentzat aproposa.
- Zelako kontzertua emango duzue? Zein abestirekin?
Ordubete pasatxo iraungo duelakoan gaude, hiruzpalau kantu berrirekin. Gurekin jardungo dute Maite Arroitajauregik txeloarekin eta Andoni Mujikak bajoarekin ere (azken hau Anderren anaia). Apirilean hurrengo
lana grabatzera sartzeko asmoa dugu eta, horregatik, ez dugu zuzeneko beste askorik eskainiko hurrengo hilabeteotan. Gure azken diskoa erosteko aukera ere izango da.
- Zuzenekoari garrantzi berezia ematen diozue, ezta?
Orain arte askoz gehiago zentratu gara horretan grabaketan baino. Horrela gozatzen dugu eta! Kontzertu mordoa eskaini dugu Napoka Iria sortu genuenetik eta bereziak izaten dira guretzat: tentsio gehiago nabaritzen dugu horrelakoetan.
- Baduzue kontzertu edo agertoki berezirik, gogoan hartzeko modukorik?
Poloniako Poznan hirian eskaini genuena. Atzerrian izateaz gainera, entzutera joan zen jendea guztiz entregatu zen. Guri ere berotasun horrek harrapatu gintuen eta kontzertu bikaina izan zen. Horrez gain, diskoak ere ondo saldu genituen. Badira beste batzuk, Napoka Bandarekin azken hilabeteotan eman ditugunak: Tolosako Bonberenean, Gasteizeko Parralekoan... (hamar kontzertu eskaini dituzte Willis Drummond eta Andrakan musika taldeekin).
- Beste talde batzuekin batera jotzeko bidea gustoko duzue?
Asko, batez ere horrelakoetan ikasteko aukera izaten baituzu; gainera, musika ulertzeko beste ikuspuntu bat eskaintzen dizute beti eta hori aberasgarria da.
- Baduzue gustoko talderik? Nondik elikatzen zarete musika arloan?
Izango da jarraitzen dugun biderik, baina gu ez gara konsziente. Norbaitek eragingo digu edo nonbaitetik zeozer hartuko dugu, baina ez dugu erreferenterik. Gerora konturatu gaitezke, akaso, esanez `horiengatik horren urruti ere ez gaude´, baina ez diogu inolako ereduri jarraitzen. Hori bai, musika asko entzuten dugu eta zeozer itsatsiko zaigu.
- Eta letretan, zeinen letrak erabiltzen dituzue?
Inorenak; gureak dira. Izan da kasurik hirugarren baten letrak erabili ditugunak, baina normalean guk eginak dira. Musikarekin moduan, ez diogu autore jakin bati jarraitzen idazterakoan.
- Zelan ikusten duzue musikaren egoera Euskal Herrian?
Kexatuko den jendea beti egongo bada ere, gure egoera estatuan ematen dena baino hobea da. Talde asko dago eta baita jotzeko azpiegitura ez ofizialak eskaintzen digutenak ere: elkarteak, gaztetxeak... Jotzeko errazago dugu eta aberatsak gara taldeetan eta estiloetan. Gure arteko harremanak ere bikainak dira, inbidiarik gabekoak.
- Hemendik kanpo, non jo izan duzue?
Lehen esanda moduan, Polonian. Japonian izan ginen lehen diskoarekin. Bartzelonara ere joan gara... Orain dihardugu hurrengo bira osatzen, datak eta zehaztuz: Madrilen eta Bartzelonan izango gara martxoan, begira gaude Italian eta Frantzian hainbat kontzertu lotzeko...
- Zuen estiloa definitzeko gauza izango zinateke?
Rock-folk akustikoa, akaso? (buruari hainbat buelta eman ondoren). Ez da erraza eta lotsa ematen digu esateak. Zeozer esatekotan, `bi gitarra gainean ahotsa´ botako genuke. Rock-a, bai; baina gurea ez da musika herrikoia.
- Zein proiektu dituzue esku artean, epe laburrera begira?
Ilustrazioa eta musika uztartzen dituen “Itzal itzazu argiak” proiektuan hartuko dugu parte: blues-aren mitologiaren inguruko elkarlana da eta bi kantu prestatu ditugu: “Why don’t you do right” eta Karen Daltonen beste bat. Lehen esan moduan, hemendik gutxira grabatzen hasiko gara.
- Hurrengo kontzertuak ere lotuta izango dituzue, ezta?
Boteprontoan esateko, otsailaren 8an Oñatin izango gara, 16an Agurainen... Eta martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, Julieta Venegasekin joko dugu Getariako Balenziaga Museoan.