Nerea Aliasekin batera ika-mizkan ibiliko dira gazteak
Gazteak gure hizkuntza erabiltzeak duen garrantziaz sentsibilizatzeko eta euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko asmoz, bigarren urtez abiatu da Ika Mizka. Eta hik, nola bizi dunk euskara? egitasmoa, Gaztezulo eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EHU eta MUrekin lankidetzan antolatuta. Proiektuak hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta gazteak mahai baten bueltan bilduko ditu, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez berba egin eta eztabaidatzeko. Aurreko edizioan kirolariek, kazetariek, bertsolariek, zinemagileek, idazleek eta musikariek hartu zuten parte eta bigarren honetan ere hori da asmoa: "Euskaldunok gure hizkuntzari arnas emateko ahaleginean (edo ez) bizi ditugun gorabeherak mahaigaineratu eta jende gehiagorekin konpartitzeko aukera eta tartea eskaintzea".
Ekimeneko arduradunek azaldutakoari jarraituta, "besteak beste, sukaldaritza, zinema, antzerkigintza, arkitektura, moda, kirola eta artearen mundutik datozen profesionalekin bideoak grabatu ditugu euskararen, euskaraz bizitzearen eta euskara bizitzeko moduen inguruko ideiekin". Asier Altuna, Aizpea Oihaneder, Alex Txikon, Aitziber Garmendia, Maider Yabar, Koldo Telleria edo Iraia Oiartzabalek esandako horiek izango dira, hain zuzen ere, gazteen solasaldiarentzat abiapuntua.
Aurten zirkuitu modukoa osatu dute eta ibilbidean hiru geldiune egingo dituzte: lehenengoa aurreko astean Ordizian egin zuten, Mondragon Unibertsitatearen Goierriko campusean eta bigarrena, berriz, datorren asteko eguenean Eibarren egingo da, EHU-ren Industria Ingenieritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan. Nerea Aliasek aurkeztuta saio bi egingo dira, lehena 10.00etan hasita eta bigarrena, berriz, 11.30etatik aurrera. Aurreko astean Ordizian egindakoaren bidetik, saioetan hainbat alorretako aurpegi ezagunak eta EHUko gazteak bilduko dituzte mahaiaren bueltan, euskaraz eta euskara bizitzeko moduez berba egin eta eztabaidatzeko. Mahai bakoitzean bi aurpegi ezagun eta aldez aurretik saioetan parte hartzeko izena eman duten bost gazte elkartuko dituzte eta bien bitartean mokadutxoa ere emango zaie.
Ibilbideko azken geldiunea abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, egingo dute Irunen, Mondragon Unibertsitatearen Bidasoako campusean.
Proiektuaren izena, bestalde, ika-mika eta zizka-mizka kontzeptuen arteko nahasketatik sortutakoa dela argitu dute: "Euskal Herrian kontu garrantzitsuak mahaiaren inguruan eta jatekoaz lagunduta konpontzen ditugunez, oraingo honetan ere halaxe izan dadin nahi dugu. Horregatik, ekimen honen harira sareratuko ditugun bideoetan nahiz antolatuko ditugun saioetan mahaiak eta pintxoak presente egongo dira".
Eta hori guztia helburu argi batekin: "Gazteak dira euskararen etorkizuna. Ezagutza bezain garrantzitsua erabilera da, eta ez bakarrik etxe, ikastetxe edo unibertsitate testuinguruan. Honek duen garrantziari buruzko sentsibilizazioa, ordea, errotuago dago belaunaldi helduen artean nerabezaro/gaztaroko zurrunbilo eroan bizi direnen artean baino. Azken horiengana ailegatzeko edozein mezu inperatibo baino eraginkorragoa da etxean entzuten duten musikariaren, gertutik jarraitzen duten kirolariaren, telebistan ikusten duten aurkezlearen edo irakurtzen duten idazlearen hitzak entzutea eta, horrekin jakitun, bidali nahi diegun mezua oso argia da: 'Ei, gazte! Miresten dituzun horiek, euskara maitatzetik harago, euskaraz bizi dira. Zu zergatik ez?'. Hortik abiatuta hausnarketara bultzatu nahi ditugu".