Nerea Eizagirre eta Maitane Lekunberri Aldatzeko irakasleak Perun izan dira hezkuntza proiektuetan parte hartzen

Nerea Eizagirre eta Maitane Lekunberri Aldatzeko irakasleak Perun izan dira hezkuntza proiektuetan parte hartzen
2023/09/15 11:56
eta kitto!
Aldatzen eta Egoaizia elkarteetatik Perura joateko aukera eskaini zieten Aldatze ikastetxeko Nerea Eizagirre eta  Maitane Lekunberri irakasle eibartarrei. Ez zuten zalantzarik izan. Maletak egin eta Perura abiatu ziren uztailean. Bi aste eman dituzte han. Bertako 0-5 urte bitarteko haurren irakasleekin egon dira estimulazio goiztiarra eta generoa gelan lantzeko moduari buruzko esperientziak partekatzen.

Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako irakasleak zarete Aldatze ikastetxean. Nola sortu zitzaizuen esperientzia hori bizitzeko aukera?
Gure eskolan Aldatzen elkartea dago. Duela urte batzuk Perun dabiltza lanean Egoaizia eta Aldatzen elkarteak. Aurten Hezkuntzaren inguruko saioak egiteko asmoa zeukaten, zehazki estimulazio goiztiarrari buruzkoak. Gu biok estimulazio goiztiarra lantzen dugu gure egunerokotasunean ikasleekin, eta horregatik iritsi zitzaigun proposamena. Uztailean joan ginen, Egoaiziako bi kiderekin batera. Aurretik, formakuntza berezia jaso genuen, zenbait alderdi indartzeko.

Peruko zein lekutan egon zarete eta zein izan da zuen zeregina?
Iritsi ginenean Alto Trujilloko eskola bat bisitatzen egon ginen, Fe y Alegria 63 (gure ikastetxeko Kongregazio berekoa da), eta handik Piurara joan ginen astebete. Cuzcon amaitu genuen ibilbidea. Polita izan zen gure bidaia Alto Trujillon hastea. Izan ere, orain dela urte batzuk, gu ere ikasleak ginenean, bertako ikasleekin gutunak elkarbidaltzeko aukera izan genuen. Guretzako oso hukigarria izan da bertan egotea. Probidentzia eguneko dirua beti doa Perura eta orain bertara joatea eta atzetik dagoen lan guztia ikustea oso polita izan da. Irakasleekin hainbat saio izan ditugu estimulazio goiztarra eta hezkidetza lantzeko.  Bertako eskoletako irakasleekin eta “promotorak” deitutakoekin ere egon gara. Promotora gehienak emakumeak dira; berez ez dira irakasleak, baina etxez etxe joaten dira eskolara joaten ez diren umeei irakasten. Guztiekin esperientziak partekatzeko aukera izan dugu. Estimulazio goiztiarraren bitartez, hainbat gaitasun bultzatzen dira, hala nola, pertzeptzio trebetasunak, trebetasun motoreak, kognitiboak, linguistikoak eta sozialak. Adibidez, hainbat ariketa fisikoren bitartez oreka, lateralitatea eta esku-trebetasuna bezalako gaitasun eta trebetasunak indartzen dira. Materialak eta guk hemen egiten ditugun ariketak eurekin partekatu genituen. Guk nola egiten dugun azaldu genien eta eurek eurena kontatu ziguten. Eta, egia esan, ez dago alde handirik.

Estimulazio goiztiarraz aparte, hezkidetza izan da jorratu duzuen beste gai bat. Ze ondorio atera dituzue?
Hezkidetzaren kontuan desberdintasun handiak ikusi ditugu. Kultura ezberdina da, eta hori eskoletan ikusten da. Hemen umeen zerrendak abizenen arabera antolatuta daude. Han, aldiz, bi zerrenda zituzten: neskena alde batetik, eta mutilena bestetik. Eskolara sartzeko ere, neskak eta mutilak ilara desberdinetan zeuden. Jolasteko orduan, neskek jolasten zuten bitartean mutilak itxaroten egoten ziren, eta alderantziz. Neskentzako eta mutilentzako jostailuak ere desberdinak ziren, koloreak… Irakasleak konturatzen dira gauzek ez dutela zertan horrela izan. Baina euren ingurua horrelakoa da, horrela ezagutu dute betidanik eta aldaketak egitea kostatu egiten da, belaunaldiak pasatu behar dira. Emakumeen elkarteetan gauza bera gertatzen da. Euren bizipenak entzuten egon ginen. “Ahora mi marido me deja venir aquí” eta horrelako gauzak esaten zituzten. Oso eskuzabalak ziren gauzak kontatzen, eta batzuetan oso esperientzia gogorrak izaten ziren.

Eskolara joatea ume guztien esku dago?
Eskolara heltzea ez da erraza ume guztientzat, urruti bizi direnentzat bereziki. Trujillon zaila bada, landa eremuetan zailagoa dela ikusi dugu. Batzuk bi edo hiru ordu egin behar dituzte mendi barrenean oinez eskolara iristeko. Isolatze egoera horrek eragin zuzena dauka ikasleen egoera emozionalean. Gainera, pandemiak egoera hau larritu du, eskolak bi urtez itxita egon baitira, eta ikasle hauen adimen emozionala lantzea beharrezkoa dela ikusi da, euren buruarekiko konfidantza indartzeko.  Oro har,  bideak ondo egonda, ordubete behar zuten eskolara edo lanerako joanetorria egiteko. Mugitzea oso zaila da. Emakumeen elkarteetara joateko ere denbora asko behar zuten.

Eskoletan egin duzuen lanaz gain, beste proiektu batzuk ezagutzeko aukera izan duzue...
Ondoren, Piuran egon ginen Egoaiziak eta Aldatzen elkarteek bultatzen dituzten proiektuak ezagutzen. Ez genuen espero hainbeste proiektu eta hainbeste gai lantzea. Emakumeen ahalduntzea, umeen desnutrizio eta anemia, ur-hornidura eta ur-tratamenduak, landa eremuko erakundeak indartzea, eta kakao kooperatibak bultzatzen dituzten proiektuak ezagutzeko aukera izan dugu. Egun batean, 3-4 proiektu ezberdin ezagutzen genituen! Baina gehien harritu eta poztu gaituena, azkeneko bi hamarkadetan Eibarko Udalari esker egin diren proiektuak, pobretutako eremuetan egin duen ekarpena eta bertako biztanleei ekarritako onurak ikusi ahal izatea da. Horien artean, Eibarko Udalak AMUCAL emakume elkartearen ahalduntze prozesuan parte hartzen du. Izan ere, oraindik ere, bertako emakumeak kalera irteteko baimena eskatu behar dute. Horrez gain, Yaku zikloiak izan dituen ondorioak nabarmenak izan dira zonaldean. Adibidez, landa eremuetako bideak guztiz isolaturik gelditu dira, urak bide guztiak hartu ditu-eta. Berebizikoa ikusten dugu Eibarko Udalak momentu honetan uraren kanalizazioan egiten diharduen lana. Gainera, proiektu hori burutzeko bertako biztanleei lan egiteko aukera eman diete. Aipatu beharrekoa da ere ekintzaileei emandako aholkularitza, euren ekoizpenak aurrera eramateko. Hauetako batzuk ikusteko aukera izan genuen, esaterako, "Café 5 aromas" kafe ekoizleak, panela ekoizleak edota ehungintzan aritzen diren emakumeak. Pixkanaka bada ere,  pausoak ematen ari dira.

Eibartarron diruarekin egite diren proiektuak ikusita, beraz, harro sentitzen zarete.
Eibarko Udalak kooperazioarekiko duen konpromisoaz ohartu gara eta eibartar moduan asko poztu gara. Hemendik, Eibartik, laguntza pila bat ematen da eta pena da eibartarrek ez jakitea zelako gauzak egiten diren. Guretzako sorpresa handia izan da egiten den guztia ikustea. Bidaiaren amaieran, Limara joan ginenean, Txokolatearen Kongresura gerturatu ginen, Piuran ezagutu genituen Approcap kakao kooperatibako lagunak han baitzeuden euren standarekin. Oso pozgarria izan zen sari bat eta diploma eman zietela ikustea, pozgarria eurentzako eta baita guretzako ere.

Beraz, oso balorazio positiboa egiten duzue...
Guztiz gomendatzen dugun esperientzia da. Aukera izan dugu proiektu desberdinak ikusteko, asko ikasi dugu eta jendea oso jatorra izan da. Dena oso ondo antolatuta egon da eta lasaitasun handia transmititu digute. Esperientzia paregabea izan da guretzat, eta munduaren beste aldean dauden arazoak gertutik ikusteko aukera izan dugu. Hala ere, udazkenerako iragarrita dagoen “El Niño” fenomenoa da orain gehien kezkatzen gaituena. Euren uztak arriskuan daude eta ondorio latzak ekarriko ditu eguneroko bizimoduan.

Aldatzen

Aldatzen 5 Aldatzen 4 Aldatzen 3 Aldatzen 2