Nerea Elizaga, EGO-ko kidea: "Orkestra batekin jarduteko aukera gutxi izaten da"
- Noiz hasi zinen biolontxeloa jotzen?
Zazpi urterekin, 1999an Haroko kontserbatorioan hasi nintzen, orduan han bizi ginen-eta. Hirugarren urtean Logroñora joan ginen bizi izatera eta hango kontserbatorioan jarraitu nuen ikasten. Erdi maila 19 urterekin amaitu eta goi maila Iruñean ikasten dihardut, azken urtea falta zait amaitzeko.
- Eta zergatik biolontxeloa?
Lagun baten amak animatuta, kontserbatoriora joan ginen han zer erakusten zuten bertatik bertara ezagutzeko. Berez biolina ikasteko asmoa nuen, baina horretarako tokirik ez zegoen eta, horregatik, biolontxeloa ikasten hasi nintzen.
- Musikaz gain besterik ikasten duzu?
Injenieritza ikasten hasi nintzen, baina lehen kurtsoan konturatu nintzen musika gustokoago nuela eta, beraz, buru belarri horretan jarraitzea erabaki nuen. Gainera, gaur egun Bolonia planarekin klasera derrigorrez joan beharra dago eta gauza biak batera ikastea oso zaila da. Musikako klaseetara joateaz gain, egunero bospasei ordu sartzen ditut etxean instrumentuarekin praktikatzen.
- Noiztik diharduzu Euskal Herriko Gazte Orkestrarekin?
2011tik, baina titular modura 2013an hasi naiz. Oso esperientzia polita da, bestela oso aukera gutxi dagoelako orkestra profesional batekin jardurteko. Urtean birritan Eibarko Hezkuntza Esparruan topaketak egiten ditugu eta oso interesgarria da. Izan ere, zuzendaria bikaina da, irakasleak ere oso onak dira, orkestrako beste lagunekin ederto moldatzen naiz eta, gainera, Eibarren aitxitxa-amama egonda beti aprobetxatzen dut eurekin egoteko.
- Ikasketak amaitzean zer egitea gustatuko litzaizuke?
Oraindik ez daukat oso argi, biolontxeloaz gain kantu klaseak ere hartzen ditudalako, agian atzerrian masterren bat ikasi-edo. Orkestra batekin jardutea gustatuko litzaidake, baina badakit gauzak dauden moduan egonda hori oso zaila dela.