Nerea Fernández, Laztantxo haurtzaindegia: "Geurea oso esker oneko lana da"

Nerea Fernández, Laztantxo haurtzaindegia: "Geurea oso esker oneko lana da"
2013/01/18 00:00
eta kitto!

- Nola animatu zineten Eibarren haurtzaindegia zabaltzera?
Hirurak elkarrekin ikasi genuen Haur Hezkuntza eta, bakoitza bere aldetik beharrean jardun eta gero, lan barik geundela ikusita hiruren artean haurtzaindegia martxan ipintzea pentsatu genuen. Eibar aukeratu genuen hemen horrelako zerbitzuaren inguruko eskaera zegoelako. Horregatik, ekainean lokala moldatzeko beharrei ekin genien eta urriaren 1ean ateak zabaldu genituen.

- Zaila da horrelako proiektuari heltzea?
Lanean, esperientzia aldetik arazorik ez daukagu, aurretik ere honetan jardundakoak garelako eta, beraz, esperientzia badaukagu. Arazo handiagoa proiektua abiarazteko orduan aurkitu dugu, diru-laguntza eta bestelakoak eskatu arren ez digutelako inon lagundu, ez dakigu krisiaren eraginez-edo izango den.

- Eta nolakoa da zuen lana?
Oso esker onekoa. Hasieran, egokitzapena egiteko unean piskat kostatu egiten da, baina berehala dator aldaketa, umeei maitasuna hartzen diezu… Orain arte guraso guztiak oso pozik daudela esaten digute eta umeak eta gu ere gustora gaude. Hona datozen umeekin garapen integrala lortzeko ekintza ezberdinak lantzen ditugu: ipuinak, kantuak, jolasak…. Bestalde, gurasoen erosotasunerako, astelehenetik barixakura 07.30etatik 19.30etara zabaltzen dugu eta nahi izanez gero gurasoek esandakoan umea jaso eta bueltan eraman dezakegu. Umea jaso eta ekartzeko, berriz, ez dago ordutegi jakin bati jarraitu beharrik. Haurtzaindegiari buruz gehiago jakin nahi duenak
http://guarderialaztantxo.wordpress.com webgunera jo dezake.


- Alde handia dago txikitatik haurtzaindegira joandako eta joan ez den umearen artean?
Oro har haurtzaindegian egon direnek oso modu positiboan baloratzen dute esperientzia. Beste umeekin erlazionatzeko orduan ohitura handiagoa izaten dute, kantu eta bestelakoen inguruan interes handiagoa erakusten dute, agintzen zaiena errezago betetzen dute… Gurasoek eurek hala esaten digute.