Nerea Olano, Peru-n kooperantea: "Bihar bertan errepikatuko nuke esperientzia"
- Nolatan animatu zinen Perura joaten?
Aldatzen ikasitakoa naiz eta Egoaizia GKE-n urtebetez bolondres modura jardundakoa. Ondo ezagutzen dut Egoaziak han garatzen diharduen proiektua eta, ikasketak amaituta laguntzera joateko aukera ikusi eta, Udalaren beka eman zidatenez, hara joan nintzen.
- Etxetik irten aurretik izan zenezakeen ideia eta behin hara ailegatuta aurkituko zenuenaren artean alde handia ikusi zenuen?
Egia esateko, joan aurretik ez nion buruari buelta larregirik eman, argazki batzuk-eta begiratu nituen, baina hortik kanpora aurriritzi gehiegi barik joan nintzen.
- Nolakoa izan da han egin duzun beharra? Zertan jardun behar izan duzu?
Egoaziak eta Aldatzek bost urte daramatzate Perun hezkuntzaren inguruko proiektua elkarlanean garatzen, Udalaren laguntzari esker. Nik 380 bat ume hartzen dituen eskola horretan jardun dut, premia bereziak dauzkaten lau eta zazpi urte bitarteko umeei laguntzen eta eurentzat gela prestatzen. Izan ere, ni joan aurretik premia bereziko umeentzat gela eta materiala egon bazeuden, baina ez zuten inor hori martxan ipintzeko eta ni horretaz arduratu naiz, besteak beste. Horrekin batera, arreta berezia behar duten umeei psikomotrizitate klaseak eman dizkiet eta irakasle-laguntzailea ere izan naiz.
- Ume horien egoera asko aldatzen da hemen bizi edo Peru moduko herrialdean bizi?
Oso alde handia dago, ikaragarria. Berezko premia bereziei beste faktore batzuk gehitu behar zaizkio: ume horien etxeetan bizi den egoera latza izaten da sarritan, gurasoek ordu mordoa ematen dituzte etxetik kanpora beharrean, gizartean biolentzia handia dago… Bereziki gogorra egin zitzaidan egunero negarrez egoten ziren ume biren kasua, baina gurasoek etxean zuten egoera kontatzean, orduan ulertu nuen zergatik egiten zuten negar horrela.
- Nolakoa izan da esperientzia?
Oso polita, aukera izanez gero zalantza barik errepikatuko nuke. Pentsa, handik bueltatu eta berehala beste beka baterako eskaera egin dut. Etorri aurretik han beharrean jarduteko eskaintza ere egin zidaten eta, hemen luzaroan ezer aurkitu ezean, batek daki, baliteke etorkizunean hara bueltatzea.