Nerea Oteiza Zubiaurre, Elgoibarko danborradaren kartel irabazlea: "Mezua oso modu sinplean azaltzen ahalegindu naiz"
- Nolakoa da saria jaso duen kartela?
Ba beste kartel batzuekin konparatuz gero, nik egindakoa oso sinplea da, mezua oso modu erraz eta zuzenean aditzera eman nahi nuen. Horregatik, karteleko elementu garrantzitsuena makila biak dira eta osagarri moduan jaietako zapia eta danborra erabili ditut. Horiek guztiak fondo urdin baten gainean ipini ditut. Beste danborrada batzuetako karteletan danborrak izaten du indar gehien, baina nik hortik aldendu nahi izan dut.
- Beste lehiaketa batzuetan parte hartu izan duzu? Horrelakoetarako zaletasunik daukazu?
Arkitektura ikasi dut eta orain ikasketa amaierako proiektuarekin dihardut. Askotan jendeak pentsatzen du arkitektuentzat bakarrik eraikuntzari lotutako kontuak direla erakargarriak, baina eraikuntzatik aldenduta ere beste arlo batzuk landu daitezke eta lantzen ditugu. Umetan parte hartu izan dut beste lehiaketaren batean, baita saria jaso ere. Eta nagusitzean beste lan batzuk sortzen lagundu izan dut. Elgoibarko lehiaketari buruz zerbait irakurri eta parte hartzera animatu nintzen, beste barik.
- Zer izaten da zailena horrelako kartel bat sortu behar denean?
Jendeari erakargarria zer egingo zaion pentsatu behar duzu sarritan, agian hori izaten da zailena. Gainera nik zerbait sinple eta xumea egin nahi nuen eta, beste urte batzuetako lanak ikusita, horien estilotik aldendu naiz eta lanak zelako harrera izango zuen beldur pixka bat banuen.
- Elgoibarko kaleetan zure kartela ikusteak ere errespetu modukoa emango dizu, ezta?
Bai, horretan ere pentsatu dut, zelako sentsazioa izango ote dudan tokiren batean lagunekin sartu eta nire kartelari begiratzean nola erreakzionatzen duten ikustean… horrek errespetua ematen du, bai.