‘Ni prest nago, eta Gipuzkoa?’ sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Atzegi elkarteak

‘Ni prest nago, eta Gipuzkoa?’ sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan Atzegi elkarteak
2023/10/19 10:48
eta kitto!
Adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du Atzegi elkarteak ‘Ni prest nago, eta Gipuzkoa?’ izeneko sentsibilizazio-kanpainarekin. “Horrez gain, kanpainaren helburua kolektiboarentzat egokitutako deialdiak gero eta administrazio gehiagok eskaintzea da”, elkartearen berbetan.

Atzo goizean Txolarten egindako prentsaurrekoan adierazi zutenez, “gizartearen gehiengoak ez daki legez enplegu publikoko plazen %2 adimen desgaitasuna duten pertsonentzat gordeta egon beharko liratekeela”. Zentzu horretan, Jon Iraola alkateak aitortu zuen administrazio publikoak pauso asko eman behar dituela oraindik. “Beti ez dira portzentajeak betetzen”, bere hitzetan.

 

Bi oposaketa deialdi

Deialdiak egokitzeko ahalegina egiten duten erakundeak gutxi direla aipatu zuten, baina azken urteotan gauzak aldatzen ari direla eta administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen ari direla. Horren adibide dira azken urtean egin ziren bi oposaketa deialdiak. “Oso erantzun ona jaso zuten”, Atzegikoen berbetan.

Lucia Juarez eibartarrak oposaketa deialdietan parte hartu zuen eta bai berak bai bere amak esperientziaren berri eman ziguten atzo. “Oso gustora etortzen nintzen Txolartera oposaketak prestatzera”, aipatu zuen Luciak. “Lucia ilusioz beteta ikusi nuen. Konpetentzia handia zegoen, baina bideari eman nahiko nioke garrantzia”, bere amaren berbetan.

Oposaketan hiru plaza bete behar ziren eta “zaila zen plaza lortzea”, aipatu zutenez, baina azterketa teorikoa gainditu zutenen portzentajea altua izan zen. Hori egiteko aukera da, hain zuzen, Atzegitik eta adimen desgaitasuna dutenek eta euren familiek aldarrikatzen dutena. “Eurak prest daude, erakundeek aukerak eman behar dizkiete”, Carmen Simon Luciaren amak esan zuenez. “Azkar amaitzen zaizkie ikasten jarraitzeko aukerak eta oposaketekin zerbait gehiago ikasteko aukera dute. Oposaketak egin nahi dituzte, besteek bezala izan nahi dute”, gehitu zuen.