Nontokozo Sabic: “Arrazista ez izatea kontzeptu hutsala da, gertatzen ari dena ulertzeko lehen fasea soilik”
Nontokozo Sabic-ek eskainiko duen asteburuko formakuntza antiarrazista pertsona zuriei dago zuzenduta. Izan ere, bertan, zuria izateak zer esan nahi duen hausnartu eta horren arabera jarduteko beharra landuko da. Horrela, tailer honetan zuritasunaren esanahia aztertuko dute, zurion pribilegioak ulertzeko lanketa egitearekin batera.
Nolakoa izango da asteburuan eskainiko duzun formakuntza? Zer landuko duzue?
Arrazismoa prozesatzeko espazioa izango da, gorputz zuria duten pertsonei zuzendua. Hego Afrikatik nator eta nire bizitzaren erdigunea, nire bizitzaren filosofia, Ubuntu da. “Ni naiz, garelako” esaldiarekin itzuli daiteke. Komunitatearen filosofia da, zirkuluan ezartzea eta dolua, arazoak eta abar prozesatzea. Hortik abiatuta egiten dut lan, ez erruduntasunetik edo lotsatik. Normala da gai honekin pertsona zuriak errudun sentitzea; gai deserosoa izan daiteke, eta trauma eta dolua ere ekar dezake. Beraz, pertsona zuriek min eta banatze-dolu horrekin konektatzeko espazio bat sortzen saiatzen naiz. Dolua ez da berdina izango pertsona arrazializatuekin edo beltzekin, baina ‘mundu honetan pertsona zuria izatea zer den’ kontzeptuarekin konektatzea nahi dut hori guztia prozesatzeko. Era berean, zenbait espaziotan pertsona moduan nola mugitzen garen begiratzen dugu. Formakuntzetan parte hartzen duten lagun asko mugimendu sozialetatik datoz, askok migranteekin egiten dute lan... Batzuek harremanak dituzte pertsona arrazializatuekin eta pentsatzen dute horrekin lan guztia egina dagoela, baina lana ez da bakarrik jakinduria edo buruan berba eta kontzeptu batzuk edukitzea, nerbio-sistemarekin egin behar da lan, hor bizi direlako gure iritziak eta usteak. Beraz, ondo dago ezagutza edukitzea eta liburu jakin batzuk irakurtzea, baina baita emozioekin konektatzea eta egunerokoan gai honekin nola jokatzen dugun ikustea ere.
Zein ezberdintasun dago ez arrazista izatearen eta antiarrazista izatearen artean?
Beharrezkoa da antiarrazista izatea. Akzioa erakusten du horrek. Arrazista ez izatea kontzeptu hutsala da, gertatzen ari dena ulertzeko lehen fasea soilik. Arriskutsua izan daiteke. Izan ere, arrazista ez dela dioen pertsona zuri batek erakusten du ez dakiela arrazismoak zein esanahi duen, ezta zuria izateak zein esanahi duen ere. Pertsona horrek ez du ulertzen sistema politikoek nola funtzionatzen duten eta niretzat arriskutsua da, zerbait arrazista egiten duenean ezin diodalako ezer esan, ez duelako harrapatuko, ‘ez naiz arrazista’ aldartean dagoelako. Ezinezkoa da zuria eta mundu honetan jaioa izatea eta zure barrenean ez edukitzea zuritasun hori, beste arraza batzuetako pertsonak baino hobea zarela esaten dizuna. Ezinezkoa da. Beraz, honekin hasi behar dugu: “Badakit arrazista naizela eta ez da nire errua zuri jaio izatea, sisteman dagoen zerbait delako, baina lan bat egiten ari naiz hori aldatzeko”. Bizitza osorako lana da.
Agian hitz gutxitan azaltzea zaila da, baina zer da arrazismoa?
Arrazismoa ez da zure eta nire artean gertatzen dena bakarrik. Izan daiteke, baina ez da hori bakarrik, sistemikoa ere bada. Politika maila gorenean, egiturazko arrazismoak erabakitzen du zein bizitza diren garrantzitsuenak, nortzuk merezi duten bizitzea eta nortzuk ez. Egiturazko arrazismoa hezkuntzan ikusi dezakegu, baita osasungintzan ere, polizian... Eta bestetik, eguneroko arrazismoa dugu: lankideen artean, lagunekin gaudenean, bikoteekin, familian... Jendeak pentsatzen du arrazismoa gauza zatarrak esatea dela, VOX alderdia babesten dutenek bakarrik praktikatzen dutela arrazismoa, baina ez da horrela. Arrazismoa oso sotila da batzuetan eta zaila da hitzetan jartzea. Adibidez, espazio batean sartzen naizenean eta pertsona batzuek deseroso sentiarazten nautenean, emakume beltza izateagatik ezberdin tratatzen nautelako, zer egin dezakedan eta zer ez pentsatzen dut. Hori ere bada. Arrazismoa zer den ulertzeko, ulertu nahi duen pertsona hori deseroso sentitzeko prest egon behar da, oso lan deserosoa delako. Horrek ez du esan nahi sufritu behar denik, baizik eta deseroso sentitzeko edo dolu bat pasatzeko prest egon behar zarela. Hori egin ahal izateko, espazio aproposa eduki behar da seguru sentitzeko, maitasunez eta barrez inguratuta, baina baita negar egiteko ere.
Formakuntzetan parte hartzen duen jendeak nola bizi izaten du prozesua?
Jaso dudan feedbackaren arabera, formakuntzetan parte hartu duenak sentitzen du modu librean hitz egiteko eta gaiarekiko dudak eta beldurrak adierazteko espazioa aurkitzen duela. Eta ez da buruko kontua bakarrik izaten, ez dira ideiak soilik lantzen, gorputzarekin ere konektatzen da, emozioekin. Parte-hartzaile batzuek errepikatu egin dute eta Euskal Herrian, Katalunian edo Espainian inoiz ez dut arazorik izan, baina nazioarteko talde mistoekin bai. Tentsioa eta gatazka puntu bat egon izan da, baina gero lasaitu egiten da. Hemen, ostera, formakuntzetara datorren jendeak argi du gehiago jakin eta zerbait konpondu nahi duela. Gehienek mugimendu sozialetan hartzen dute parte eta arazoak daudela ikusi izan dute, eta hori aldatu nahi dute.
Imajinatzen dut bi saio ez direla nahikoa izango aldaketa hori egiteko. Zuk zeuk esan duzu bizitza osorako lana dela.
Ez, ez dira nahikoa eta horrek asko frustratzen nau. Bai, bizitza osorako lana da. Pertsona zuriak ez daude ohituta deseroso egotera eta ez dakite zer egin deserosotasun horrekin. Ezin da izan bi egunetan etorri eta kitto. Talde txikiak egin behar dira norbere herrian, geratzeko, liburuak irakurtzeko, emozioak prozesatzeko... Horrela egiten da lan antiarrazista. Gainera, ez zara lan hori guregatik egiten ari (pertsona arrazializatuak, beltzak...), baizik eta zuregatik, denongatik, munduarengatik. Horrela aldatu daitezke gauzak, baina behin tailer batera etortzea ez da nahikoa.
Nola ikusten duzu arrazismoaren egoera Euskal Herrian, Katalunian eta Espainian? Azken urteetan egoera aldatu da?
Erantzuteko oso zaila den galdera da. Mugimendu sozialetan dauden lagun batzuek onartzen dute baietz, arrazistak direla, gizonek ‘feminista naiz’ dioen kamiseta janzten dutenean bezala, baina errealitatean ez dute ezer egiten eguneroko pentsamenduak aldatzeko, pertsona arrazializatuekin edo beltzekin elkar eragiteko, laneko edo eguneroko harremanetarako... Esan dudan bezala, deserosoa delako eta hori landu egin behar delako. Izan ere, deserosotasuna landu eta aldatu egin daiteke. Badirudi zerbait aldatzen ari dela, baina oinarrian ez. Tristea da. Pertsona asko migrazioaren kontrakoak dira eta gizarte mugimenduetako pertsona zurien bihotzak eta ideiak bide onean daude, baina ez dira modu sakonean lan egiten ari benetako aldaketa egiteko. Orain dela hiru hilabete Menorcan egon nintzen tailer bat eskaintzeko eta ‘aliatu faltsuaren’ figura irten zen, eta hori da kontua hain zuzen ere.
Asteburuko formakuntza hasierako pausoa izan daiteke askorentzat. Bide bat zabaldu dezake?
Bai, guztiz! Nonbaitetik hasi behar da eta formakuntza honekin bide bat irekitzen da. Arrazismoaren inguruko saio batean 20 lagunek hartzen badute parte, pentsatu behar duzu hortik lau lagun irtengo direla lan hori egiten jarraitzeko asmoarekin. Besteek pentsatuko dute esperientzia polita izan dela, baina euren bizitzarekin jarraituko dute ezer egin gabe. Tira, poliki-poliki, aldaketa ezin da behartu, ez dago besterik.