Epaitegiak baliogabetu egin du Eibarko Udaltzaingoko sei lanpostutan C1 maila eskatzea
Eibarko Udaltzaingoko sei lanpostu betetzeko deialdian ezarritako C1 euskara-mailaren eskakizuna baliogabetu du Gipuzkoako administrazioarekiko auzien epaitegi batek. Epaiaren arabera, ez dago behar bezala justifikatuta lanpostu guztietan hizkuntza-maila hori derrigorrez eskatzea, eta eskakizuna "neurrigabea" dela ondorioztatu du.
Ebazpena B2 euskara-maila zuten hiru udaltzainek aurkeztutako helegitearen ondorio da. Helegite horretan, lanpostuak betetzeko deialdia eta hortik eratorritako hautagaien zerrendak auzitan jarri zituzten, eta epaitegiak haien argudioak onartu ditu.
Sententzian jasotzen denez, aztertutako lanpostu gehienen jarduna batez ere barnekoa da, eta horrek ez du nahikoa justifikatzen C1 maila guztiei ezartzea. Epailearen arabera, hizkuntza-eskakizuna ez dago behar bezala oinarrituta.
Ebazpenak udaleko hizkuntza-eskakizunen egoerari buruzko datuak ere jasotzen ditu. Horien arabera, Eibarko Udalak 275 lanpostu ditu, eta horietatik 206tan dago euskararen ezagutza derrigorrez ezarrita; hau da, lanpostuen %74tan. Kopuru horrek gainditu egiten du derrigortasun-indizearen arabera ezarri beharko litzatekeen %63,1eko muga.