Odol beharra azpimarratu dute Odol Emaileen elkartekoek

Odol beharra azpimarratu dute Odol Emaileen elkartekoek
2024/01/26 11:27
eta kitto!
Zure odola ezinbestekoa da. Berba horrek sarri erabiltzen ditu Euskadiko Odol Emaileen elkarteak. Odol falta dago eta guk dugu horretarako konponbidea. Prozesua oso erraza da: odola ematera joan, etzan edo eseri, besoa eman, minutu gutxitan odola atera eta kitto. Prozesu erraza eta laburra, askorentzat berebiziko laguntza izan daitekeena.

 

Odol erreserbak minimoetan daude. Urtarrila data txarra izaten da normalean, donazioek behera egiten dutelako Gabonetan eta abar, baina Lucia Simon Eibarko Odol Emaileen Elkarteko arduradunetako batek esan digunez, “azken aldian beti dira data txarrak odola emateko”. Baina zergatik dira hauek hain data txarrak? “Gabonetan emari gutxiago dago, auto-istripu gehiago dago eta odol eskaria handitzen da, jendea gehiago gaixotzen da eta ezin du odolik eman…”, Simonen berbetan.

Lucia Jose Maria Lupeñaren emaztea da, eta orain dela urte batzuetatik hona senarrarekin batera Eibarko elkartearen gidaritza darama. Lupeñak hamarkada asko egin ditu herriko odol-emariak antolatzen eta bien arteko kontua da gaur egun. Ondo ezagutzen dute odol-donazioek herrian izan duten bilakaera eta, Luciak esan digunez, “beherako joera dago hemen, baina ez hemen bakarrik, beste herrietan ere antzeko joera dago. Euskadiko odol-emaileen elkarteekin egin genuen iazko batzarrean jakinarazi zutenez, odol-ateratzeen kopurua asko jaitsi da”. Simonek gogoratzen duenez, “orain dela urte gutxi 900etik gora odol-emari izaten genituen urtero Eibarren, eta gaur egun 700 baino zertxobait gehiago izaten dira”. Eta zera gehitzen du Lupeñak: “Lehen mila odol-emari inguru izaten genituen herrian”.

Gaur egun, 444 odol-emaile ditugu Eibarren. “30 odol-emaile gehiago beharko genituzke zenbaki egokietara iristeko”, Simonek esan digunez. “Dena dela, zentzu horretan, hobe da emaileen fideltasuna, kantitate handia izatea baino”.

 

Gizartean aldaketak

Zer gertatu da ba, odol-emaileen kopurua jaisteko? Luciaren ustez, “jende nagusia erretiratzen joan da eta jende gaztea animatu da, bai, baina ez du fideltasun berbera: batzuk kanpora doazelako, beste batzuk piercingak eta tatuajeak egiten dituztelako (horrelako zerbait eginez gero, denbora bat itxaron behar da odola eman aurretik eta kasu batzuetan, gorputza tatuajez beteta izanez gero, agian ezin da eman)… Horrela, odol-emaile kopurua hain baxua ez den arren, ez dute jarraikortasunik edukitzen eta horregatik odol-emarien kopurua nahiko baxua da. Batzuk erregulartasunez etortzen dira, oso ondo ezagutzen dituzte odol-ateratzeen datak eta abar, baina beste batzuek, aipatutako arrazoiengatik, ez dute erregulartasun hori”.

Gizartea aldatu egin den bezala, odol-emaileen funtzionamendua ere aldatu egin da. Orain Untzagako jubilatu etxean egiten dituzte odol-ateratzeak, hilean birritan, eguen arratsaldetan. Sare sozialen bitartez odol-ateratzeen berri ematen dute eta noizbait odola eman dutenei SMS mezua bidaltzen diete odola eman dezaketela gogoratzeko. Lehen, ostera, Pagei kalean egiten zituzten odol-ateratzeak eta banan-banan odol-emaileei deitzen zieten odol-ateratzeen berri emateko. Hain zuzen ere, Lupeña arduratzen zen dei horietaz eta, harreman zuzena izanik, odol-emaile kopuru polita izatea lortzen zuen. “Martitzen iluntzean hasi eta eguaztenera arte 150 dei inguru egiten nituen”, gogoratzen du.

Urte guztian zehar, gizonezkoek lau aldiz eman dezakete odola eta emakumezkoek hiru aldiz. Odolateratze batetik bestera bi hilabete inguru pasa behar dira eta, Lupeñak esan digunaren arabera, “odola emateko beharra badago eta, baldintzak betez gero, epea laburragoa izan daiteke”. Odola ateratzen egoten diren osasun langileak arduratzen dira dena kontrolpean eramateaz eta sistematizatuta dute nork noiz eman duen odola eta abar, “beraz, eurak esango dizute odola eman dezakezun, gehiago itxaron behar duzun edo dena delakoa”, gehitzen du Jose Mariak.

 

Eguenetan, hilean bi aldiz

Esan bezala, hilean birritan eman daiteke odola Eibarren eta hauek izango dira aurtengo odol-ateratzeen datak: otsailak 8 eta 22, martxoak 7 eta 21, apirilak 11 eta 25, maiatzak 9 eta 23, ekainak 13 eta 27, uztailak 18, abuztuak 22, irailak 12 eta 26, urriak 10 eta 26, azaroak 14 eta 28, eta abenduak 12 eta 26.

Odola emateko jarraitu behar den prozesua oso erraza da. “Lehenik, 943 00 78 88 telefonora deitu behar da zita hartzeko, 08:30etik 13:30era. Bigarrenik, eguenean, zita hartutako orduan, Untzagako jubilatu etxean egokitutako gunera joan behar da eta erizainak hartzen zaitu. Berak tentsioa eta hemoglobina neurtzen dizkizu, eta sendagilearengana pasatzen zara. Horrek galdera batzuk egiten dizkizu odola emateko gai zaren edo ez jakiteko eta, gai bazara, odola ematera pasatzen zara. Besaulkian jarri edo etzan egiten zara, norberarentzat erosoena dena, eta odola ateratzen dizute. Minutu gutxiko prozesua izaten da, pertsona bakoitzaren arabera. Eta amaitzeko, jatekoa eta edatekoa ematen dugu, odola eman eta gero minutu batzuk bertan gelditzea komenigarria delako”, azaldu digu Simonek. “Zalantzak edo beldurrak dituztenak lasai egon daitezke, osasun langileak egoten direlako bertan eta zainduta egoten zaretelako”, azpimarratzen du Lupeñak. “Gainera, minutu gutxitan egindako ekintza hori oso lagungarria izan daiteke odol horren beharra duen norbaitentzat”, diote biek.