Arrateko Amaren eguna azken urteotako euritsuena izan da

Euria izan da protagonista Arrateko jaietan aurten, batez ere Ama Birjinaren egunean (irailak 8). Izan ere, bezperan eguraldia portatu egin zen eta, horrela, eguerditik hasi zen jai-egitarauak erakarrita bertaratu zirenek ederto pasatu zuten eguna, baita gaua ere.
2025/09/12 00:12
eta kitto!

Baina, eguraldiari buruzko iragarpenek bete-betean asmatu zuten eta goizean goizetik hasita, euriak baldintzatu zituen Arrate egunerako antolatuta zeuden ekitaldi guztiak, nahiz eta ez zen ezer bertan behera geratu. Hala ere, aurten ezin izan da ohiko prozesiorik egin eta, horren ordez, ibilbide motzagoa egin zuten, elizari buelta eman eta berriz ere barrura sartu zuten Arrateko Amaren irudia. Arrateko Amaren dantzak zelaian egin ala ez, azken minuturaino zalantza izan zuten Kezkako dantzariek, baina ateri zegoela-eta, urtero bezala dantza ikuskizun biribila eskaini zuten. Behin dantzak amaituta, zelaian zegoen jende apurra poliki-poliki desagertzen hasi zen, eta gehienak Eibarrera jeitsi ziren bazkaltzeko ordurako. Hala ere, arratsaldeko dantza solte txapelketa hastearekin batera, 'ausart' gutxi batzuk elkartzen hasi ziren eta, behin han egonda, Zutik taldeak girotutako erromeriaz ere gozatu zuten batzuk.