OLATZ SALVADOR: “Esperimentatzeko nahi batetik jarraitu ditut beste batzuetan hartu ez ditudan bide berriak”

Musikariak 'Zainak eman' diskoa kaleratu du eta kontzertua emango du datorren barixakuan, Coliseo antzokian
OLATZ SALVADOR: “Esperimentatzeko nahi batetik jarraitu ditut beste batzuetan hartu ez ditudan bide berriak”
2025/02/07 11:33
eta kitto!

Orain arteko lanetan erakutsitako talentu goxoari xehetasun aberats eta jostagarriak gehitu dizkio Olatz Salvador musikariak. Donostiako artistak ‘Zainak eman’ diskoa kaleratu zuen orain dela hilabete batzuk, bere hirugarren lana, eta orain zuzenean gozatzeko aukera izango dugu datorren barixakuan, hilak 14, 19:00etan, Coliseo antzokian.

Barruan darama talentua eta barrenak askatu ditu disko berrian Olatz Salvadorrek, bere nahiak eskatzen zion bideari jarraituz. Esplorazio horrek elektronika eta dantza doinuak aurkitzera eraman du eta gera daitezela, beste bolumen bat ematen diolako bere gozagarria den musikari.

 

‘‘Zainak eman’ izenburuak adierazpen fisiko eta intimoa dirudi. Zein da izenburuarekin lotutako sentimenduen oinarria?

‘Zainak eman’ esamoldearen esanahia susmatu da. Zain hitzaren bueltan gauzak bilatzen ibili naiz eta bere adiera ezberdinei garrantzia eman diet diskoaren abestien arabera. Izan daiteke itxaronaldi bat, zaina odola garraiatzen duen hodia izan daiteke, zaintzari lotuta egon daiteke, izan daiteke erroa… Esanahi asko eta oso interesgarriak zituela ikusi nuen. `Zainak eman’ bide horretan ezagututako esamolde bat da eta, atentzioa eman zidanez, izenburua hori izatea erabaki nuen.

Zure ibilbidean bide berria zabaldu nahi zenuela esan izan duzu eta, diskoa entzunda, argi geratzen da hori, doinu elektroniko eta dantzagarriak baititu. Nola sentitu zara bide berri horiek hartzen? Modu naturalean etorri da? Bilatua izan da?

Aurreko lanetan arantza bat geratu zitzaidan. Erabakiak hartzen zoaz eta diskoak itxura bat edo beste hartzen du, baina beti gelditzen dira kanpoan sartzea gustatuko litzaizukeen gauza batzuk. Oraingoan, ostera, banekien besteetan hartu ez nituen bideak jarraitu nahi nituela, ez emaitza konkretua oso argi nuelako, baizik eta esperimentatzeko nahi batetik. Horregatik, Kataluniako estudio batzuetara joan nintzen eta bertako ekoizle batzuekin ibili naiz hilabeteetan zehar egonaldi batzuk egiten. Horrela iritsi naiz emaitza horretara.

Behin bide horiek hartuta, zein genero edo estilotan esperimentatzea gustatuko litzaizuke?

Gauza berriak probatzea gustatuko litzaidake eta eroso nagoena aukeratzea. Beti eduki dut kutsu malenkoniatsua, baina orain erritmoa eta dantza uztartzeko joera edo nahi handiagoa dut.

Leire Vargas, Oihana Arana eta Izaro Bilbaorekin egin duzu lan abestien letra batzuk sortzeko. Nolako elkarlana izan da? Nola sentitu zara zure sorkuntza batean beste pertsona batzuei ardura hori ematean?

Egia esan, horrek beti ez du funtzionatzen. Azkenean, letra bat egiten dudan momentuan, letrak beti dauka zentzua, baina batzuetan ez duzu lortzen zeure bilakatzea eta beste batzuetan bai. Orduan, beti ibiltzen naiz kezka horiekin. Beti oso jende baliotsua izan dut alboan eta, zerbaitek enkajatu ez badit, ez da niregatik izan, baizik eta beste gauza batzurengatik. Kasu honetan, sormen aldetik blokeo moduko bat izan dut eta lagungarria izan zait beste jende batekin lan egitea, ez nuelako lortzen letra neronek ateratzea edo adierazi nahi nuen hori espresatzeko hitzak aurkitzea. Beti da lagungarria elkarlanean aritzea, baina batzuetan errazago ateratzen da eta beste batzuetan ez. Adibidez, Leirek eta Oihanak letra bidali zidatenetik abestia hilabeteetan egon zen geldirik, ez zen ezer gertatu letra horrekin, eta egun batean hartu eta goitik behera sortu nuen kanta. Ez dakit azaltzen ere zergatik eta nola gertatzen den hori, baina horrela izan zen.

Bestalde, abesti batean Alba Morenarekin kantatu duzu eta beste batean Izaro Andresekin. Zergatik eurekin? Nola moldatu zarete?

Alba Morena sare sozialen bitartez ezagutzen nuen eta banekien abeslaria izateaz gain ekoizlea ere bazela. Sareetan topatu ginen eta harremana sortu zen geure artean. Asko hitz egin genuen, bere esperientzia batzuk kontatu zizkidan eta gogo batetik abiatu zen kolaborazioa. Nahiko modu informalean izan da dena, nahiko etxekoa. Izaroren kasuan, lagun harremana dugu orain dela askotik eta oso gertuko gauza izan da. Batzuetan kolaborazioetan izen potoloak bilatzen dira ikustaldi gehiago ekarriko dituztelakoan, baina kontrako norantzatik joan naiz. Benetako gauzak izatea eta benetako harremanetatik joatea nahi nuen, ez izatea gauza artifizial bat.

Ekoizle lanetan ere ibili zara, ezta?

Abesti guztietako ekoizpen prozesuan oso adi egon naiz. Ekoizleek esan zidaten inor ez zela hain adi egoten (barreak). Beraiengandik asko ikasi dut, asko gustatzen zaidalako mundu hori. Egia da gero ez naizela nahiko nukeen bezain trebea, baina ordenagailuan ordu batzuk sartzen ditut. Diskoari hasiera ematen dion abestia, ‘Haragi bizitan’, etxean sortu nuen, eta zirriborroa erakutsi nienean esan zidaten oso ondo zegoela eta aurrera egiteko.

Arlo horretan sakontzea gustatuko litzaizuke?

Ez da errealista, ezagutza eta ordu asko falta zaizkidalako, baina arakatu nahi dudan bide bat da, gustatzen zait. Hori bai, ez dut uste bat-batean profesionala bilakatuko naizenik.

Disko honen abesti batzuen zirriborroak Aho uhal´ (2021) diskoa atera baino lehenago sortuak zenituen. Nolako bidea izan du azken disko honek?

Hori ikusi nuenean ni neu ere harritu egin nintzen. Izan ere, konturatu nintzen lehenengo audio horiek nire lagun Borja eta bion arteko trukaketa batzuk izan zirela, eta hori konfinamenduan gertatu zen. “Zenbat denbora daramat honekin?”, pentsatu nuen (barreak). Prozesu moteletako pertsona naizela berretsi nuen eta gauzak poliki eta maitasunez egitea aldarrikatu nahiko nuke. Askotan denborak ez digu uzten gauzak zaintzen eta hain justu ere disko honen zentzua hori da: zain hitzarekin hainbeste buelta emanda, kantak ere zaindu ditudala, prozesu guztia zaindu dudala. Egia esan behar badizut, luzea egin zait, argitaratzeko desiatzen nengoen eta dagoeneko fokua hurrengo gauzetan dut jarrita, baina horrela izan behar zela sentitzen dut.

Argitaratu zenuen diskoa eta baita bira hasi ere. Zuretzat zer da hainbeste maitasun eta denbora eskaini diozun sorkuntza bat jendaurrean aurkeztea?

Hori da honi guztiari zentzua ematen diona. Lau pareten artean zure gauzak egiten egon zaitezke, baina laugarren pareta apurtzen den arte ez dakizu kanta horiek zein bide egingo duten. Beraz, hori da interesgarriena eta politena bizitzeko: beste aldean jendea dagoela ikustea. Beti dago zalantza jendea nirekin egongo den ala ez, eta ikustea jendeak hor jarraitu duela, bai diskoei begira bai zuzenekoei bereziki, oso berezia izan da. Jendearekin konektatzea eta komunitatetxo bat dagoela ikustea polita da. Babestuta sentitu gara.

Diskoarekin bide berriak hartu dituzu. Baita zuzenekoetan ere?

Bai. Lan handia egin dugu zuzenekoak prestatzen. Alde musikalean musika-tresna elektronikoak eta analogikoak uztartu ditugu. Diskoari ahalik eta fidelenak izaten saiatu gara. Asko kostatu zaigu. Bestalde, badago eszenografia bat eta argi diseinu oso zaindua. Ispilu batzuk agertzen dira eta horrek badu diskoaren metaforarekin zentzua. Estetikoki pisu handia ematen dio zuzenekoari eta baita sinbologia ere.