‘Orain duzu aukera’ kanpainarekin Atzegik 55 urtetik gorakoak boluntario izatera animatu nahi ditu
Atzegi elkartetik adierazitakoari jarraituz, “boluntarion lana ezinbestekoa da Atzegin antolatzen diren ekintza asko aurrera ateratzeko eta, urtean zehar, 350 pertsona inguruk hartzen dute parte elkartean, boluntario bezala. Historikoki, boluntarioak gazteak eta ikasleak izan dira gehienbat, baina azken urteetan, beste adin bateko jendea ere animatu dela nabaritu dugu: 50 bat urtetik gorako pertsonak gure boluntario taldera gehitu dira, kasu askotan, denbora libre gehiago dutelako, eta oso lan garrantzitsua egiten ari dira Atzegin. Fokua belaunaldi horretan jartzea erabaki dugu. Izan ere, belaunaldi horrek, oro har, denbora libre gehiago izan dezake, eta egin dezakeen ekarpena oso handia da”.
Horregatik, Orain duzu aukera, egin zaitez boluntario goiburuarekin, Atzegiko aurtengo kanpainak Gipuzkoako pertsona guztiak eta, bereziki, 55 urtetik gorakoak, Atzegin boluntario bezela parte hartzera animatu nahi ditu. Nabarmendu dutenez, “Atzegiko ekintza askotan boluntarioen lana oso beharrezkoa da, eta gogoan izan behar dugu ekintza hauek adimen desgaitasuna duten pertsonen bizitza kalitatea hobetzen laguntzen dutela, bereziki euren aisialdian. Aukera asko daude boluntario bezala nola parte hartu nahi den erabakitzeko orduan, eta horregatik jendea animatu nahi dugu”.
Askotariko jarduerak
Boluntarioen parte-hartzea behar izaten duten jarduerak askotarikoak dira: “Taldean edo banaka egin daitezke. Dagoeneko antolatuta dauden jardueretan parte har dezakete, hala nola mendi irteeretan, foballean edo txangoetan. Baina bestelako planak ere izan daitezke, hala nola fafe bat hartzea, erosketak egitera joatea, edo pasiatzera irtetzea. Gainera, adimen-desgaitasuna duten pertsonekin aisialdia partekatzeko aukera izatea ere bultzatu nahi da, zaletasunak eta kezkak partekatzeko aukera izan dezaten”.
Zapatu arratsaldetan Eibarren ibiltzen den taldeetako batean boluntarioa den Ane Larizek bere esperientzia kontatu digu: “53 urte dauzkat eta, nire adineko beste askok bezala, orain lehen baino denbora libre gehiago daukat, eta boluntario gisa aritzeko gogoa piztu zitzaidan orain dela urte batzuk. Interneten aukerak begiratzen hasi eta Atzegirekin kontaktuan ipini nintzen. Oso gustora ibiltzen naiz, ahal izaten dugun guztietan kalera irtetzen gara, 16:30etik 19:30era, eta beste edozeinek egiten duena egiten dugu guk ere. Gure gauzei eta lanari buruz berba egin, zerbait hartu… Pozarren nago, eta taldea lagatzea burutik pasatu ere ez zait egiten”.
Atzegitik diotenez, “boluntariotza gazteen kontua dela egon daitekeen aurreiritziarekin hautsi nahi dugu, eta motxila esperientziaz beteta eta ekarpen handia egin dezaketen pertsona horiengana iritsi. Hala, Atzegik interesa izan dezaketen pertsona guztiak bulegora gerturatzera, edo 943 42 39 42 telefonora deitzera animatu nahi ditugu. Irrikitan gaude pertsona horiek guztiak ezagutzeko, eta haiem profilera gehien egokitu daitekeen jarduera eskaintzeko”.