Gaur goizeko kalejiran gazteek inguratuta ibili dira Lizarrako dultzaineroak

Urkizuko iturrian talde argazkia egin eta, jarraian, berriz ere Untzagaraino igo dira
2026/06/25 14:02
Silbia Hernandez
Diana jo eta, jarraian, bigarrenez irten dira kalejiran Lizarrako dultzaineroak gaur goizean, 09:00etan, Untzagan sokamuturra amaitu eta gero. Atzo gaupasero gutxi batzuk lagunduta ibili baziren ere, gaurko kalejiran gazteek inguratuta ibili dira ibilbide osoan. Giro ederrean bete dute Untzagatik Urkizura bitarteko bidea, kantu eta salto artean.
 
Urkizuko iturrian talde argazkia egin eta, jarraian, berriz ere Untzagaraino igo dira, baina bueltako bidean gazte askok etxera joateko aprobetxatu dute, eta bakarrik “ausartenak” ailegatu dira udaletxeraino. Lizarrakoei pasabidea egin eta, pare bat piezarekin gozatu ondoren, horiek ere oherako bidea hartu dute.
 
Dultzaineroak, berriz, kafe bat azkar hartu ondoren, San Andres zaharren egoitzara joan dira, bertako aitxitxa-amamentzat jotzera. Pozarren hartu dituzte bertan, eta euretako batzuk kantatzera ere animatu dira.