Oztopoen gainetik, txosnaguneak aurrera egingo duela adierazi du Jaixak Herrixak Herrixandako-k
Jaixak Herrixak Herrixandakok atzo erredakziora bidalitako idatzian esaten duenez, “aurten ere oztopoak non-nahi aurkitu ditugu, baina, hala ere, aurki aurkeztuko dugu egitaraua”. Azaldu dutenez, iazko esperientzia gogoan, ikasturte berria hasi eta berehala hasi ziren Udalarekin harremanetan, “2025eko San Juan jaietarako herriak merezi duen txosnagunea lortu ahal izateko. Oraingo honetan ere zehaztasunez landutako hiru proposamen helarazi genizkion Udalari, bakoitzak sortu zitzakeen kalteak konpontzeko alternatiba eta guzti”.
Hiru toki proposatu zizkieten Udalari: “Txaltxa-Zelaia (barrakak birkokatzeko proposamenekin), Ego-gaineko autobus geltokia (autobusentzat alternatibak proposatuz), eta gaur egungo espazioaren birformulazio bat ere aurkeztu genien, ur-txorrotak kontuan hartuz. Proposamen sendo eta kontrastatuak izan ziren, eta Udalari helarazi aurretik hauen bideragarritasun teknikoa ziurtatu genuen, bai trafiko eta baita azpiegitura aldetik. Baina, hasieratik, Udalak jarrera itxiarekin jokatu zuen, eta gure proposamen guztiak baztertu zituen, inongo arrazoirik eman gabe. Haien kontraproposamen bakarra txosnagunea Mekola eta Aldatze kaleen arteko parkean ipintzea izan zen”. Hainbat arrazoirengatik, baina, aukera hori albo batera laga du JHH-k.
Gauzak horrela, eta “Udalak adostasuna bilatzeko asmorik ez duela ikusita” gaur egungo tokirako proposamen berria aurkeztu zuten: “Udalak ur txorrotekiko duen kezkaz jabetuta, eta hauek ahal bezain beste babesteko asmoz, txosnaguneko jantoki gisa erabiltzen dugun negutegia Txaltxa-Zelaiko eszenatokiaren ondoan, txorroten gainean jartzea proposatu genien, negutegiaren azpiegiturak txorrotak ez ikutzeko moduan”. Baina udal-gobernuko kide batek email bidez emandako erantzunarekin harrituta daudela diote: “Gobernu taldean erabaki dugu ur txorroten gainean ezin daitekeela ezer jarri. Jantokiaren estrukturak txorroak saihesten baditu ere, mahaiak gainean jarriko lirateke eta, mahai horien gainean jango direnen apurrak, lurrera erortzen direnean, txorroten hodiak trabatu ahal dira”.
Jai batzordearen ustez, “txosnagunearen inguruan hartutako erabaki guztiak erabaki politikoak izan dira, arrazoi teknikoen atzean ezkutatzen badituzte ere”. Hala ere, “sanjuanak oraindik ere herrikoiagoak egiteko” lanean jarraituko dutela adierazi dute: “Ez dago sanjuanak ulertzerik txosnagunerik gabe, eta Udalak badaki hori. Gure ogi apurretatik loratuko da Eibar herrikoi, feminista, euskaldun eta parte-hartzailea”.