Pagatxako emakumeek bisita kulturala egin dute Bilbon eta Zine Forum Feministaren saio berria iragarri dute
Pagatxako emakumeek irteera kulturala egin zuten astelehenean, apirilak 13, Bilboko Arte Ederren Museora egindako bisita gidatuarekin. Bertan, Denisse Scott Brown arkitektura-aitzindariaren "Hiria, kalea, etxea" aldi baterako erakusketa ezagutzeko aukera izan zuten.
Parte-hartzaileek azaldu dutenez, esperientzia oso aberasgarria izan zen, bai ikusitako edukiagatik bai taldekideen arteko giro atseginagatik. Erakusketaz gain, arratsalde bikaina igaro zuten, konpainia onean eta kulturaz gozatzeko aukera paregabearekin.
Bestalde, Pagatxako emakumeek herritarrei gonbidapena luzatu diete ostiralerako antolatutako jarduerara. Hain zuzen ere, apirilaren 17an, 18:30ean, Portaleko Areto Nagusian, Zine Forum Feministaren zikloaren baitan "Figura ocultas" (2016) filma eskainiko da.
Saioa irekia eta doakoa izango da nahi duten guztientzat, eta proiekzioaren ondoren solasaldi bat egingo da, filmak planteatzen dituen gaiak partekatzeko eta eztabaidatzeko helburuarekin.
