Parte hartzean gainezka dator Kulturaren Plaza
49 urte pasa dira Gerediaga Elkarteak Durangoko lehenengo liburu eta diska azoka Andra Mariko elizpean antolatu zuenetik. Liburuak eta diskoak nagusi ziren hasierako urteetan. Gerora DVD, bideo eta euskarri askotako ekoizpenak jarri dira ikusgai eta salgai. Hasieratik, euskara eta euskal munduarekin zerikusia duten ekoizpenen erakusketa eta salmentarako leihoa izan da.
Datorren urtean 50 urte beteko ditu Azokak. Hori dela eta, “Euskahaldun” leloa izango duen Korrikaren 19. edizioak Durangoko Azoka omenduko du martxoaren bigarren hamabostaldian.
Azokako Argizaiola Saria Anuntxi Aranak jasoko du aurten. Luiaondon (Aiara) jaiotakoa da, baina Angelun bizi da aspalditik. Euskal mitologia eta kondairen gainean lan zabala egin du. Euskal mitologia ikasketak aldarrikatzen ditu. Frantses filologian lizentziaduna, AEKko irakasle izandakoa, EHEko kidea eta bortizkeria sexisten aurkako kolektibo feministakoa. Bere lan nagusia 1996koa da, Orozko Haraneko kondaira mitikoak, bilduma eta azterketa tesia. Anekdota modura, aipatzekoa da, bera izan zela Iparraldean euskaraz egindako lehen tesia defendatzen.
Euskal kultura sustatzen egin duen lan hori errekonozitu nahi dio Durangoko Azokak. Abenduaren 6an, emango zaio saria San Agustin Kultur Gunean, Oier Guillanek zuzendutako ekitaldian.
Aurten, herrialde gonbidatua Okzitania izango da. Okzitaniako kultura eta hizkuntza. Euskal Herriak eta Okzitaniak lotura handia baina ezezaguna dute euren artean. Elkarren arteko ezagutzan sakontzeko prestatu da aurtengo egitaraua. Durangoko Azoka stand-ak bisitatzea baina askoz gehiago da. Landakoguneko azokaz gain, 150 kultur ekitaldiz osatutako egitaraua prestatuta dago.
Ahotseneak, literatura eta musika sortzaileen guneak, karpa bi edukiko ditu, batean liburu eta disko aurkezpen-solasaldiak egingo dira, eta bestean 55 zuzeneko eskainiko dira, aurrez aurre jarritako bi oholtzatan.
Irudienea euskarazko ikusentzunezko sorkuntzaren berri izateko aukera paregabea da: film laburrak, luzeak, dokumentalak, fikzioa, spotak, bideoklipak...
Kabi@ gunean teknologia proiektu berrienak aurkeztuko dituzte, egun bakoitzean ardatz bat hartuta: hezkuntza, sortzaileak, komunitatea eta enpresak.
Plateruena kafe antzokiak 10. urteurrena ospatuko du aurten. Urtero bezala gaueko kontzertu jendetsuenak hartuko ditu: Gatibu, Hesian eta Vendetta. Horretaz gain, kafe bat hartzeko, lagunekin geratzeko, mokadutxoren bat jateko edo kazetariak eta sortzaileak elkartzeko gune aproposa da Plateruena.
Saguganbaran, transmisioa helburutzat hartuta, Berbaro euskara elkarteak Mintzolarekin elkarlanean era guztietako tailerrez bete dute egitaraua.
Szenatokian, sortze prozesuan dauden antzezlanei buruzko solasaldia, zortzi pieza laburreko antzerki maratoia eta "Txapeldun" obraren estreinaldia izango dira.
Azoka TB telebista platoa izango da aurten. Publikoak bai azokan bertan eta bai sare sozialen bidez interaktuatzeko aukera izango du zuzeneko saioetan. Abenduaren 5etik 8ra Durangora etorriko diren milaka kultur zaleei esperientzia errazteko asmoz eta gozagarri egiteko, besteak beste, mugikorretarako aplikazioa eta doako wifi zerbitzua emango dute. Instagram sare sozialean ere argazki lehiaketa abian izango da azoka egunetan.