Patxi Alkorta: “Energia berriztagarriak gero eta garrantzitsuagoak dira, planetaren etorkizuna baldintzatuko baitute”
Gipuzkoako Ingeniaritza Eskolak atala du Eibarren (GIE – Eibar), Hezkuntza Esparruan (Otaola hiribidean). 2011z geroztik energia berriztagarrien gradua eskaintzen du, estatuan lehenengoa, eta aurten 10. promozioko ikasleak graduatuko dira. Patxi Alkorta da bertako koordinatzailea eta bertan egiten dituzten jardueren inguruan egin dugu berba berarekin.
Gauza nabarmena da Eibarren unibertsitate ikasketak egiteko aukera izatea eta, horregatik, berebiziko garrantzia du GIE – Eibarrek. Eibar eta inguruko talentua erakartzeaz gain, estatu osotik etortzen diren ikasleak ditugu bertan eta euren eskuetan dute etorkizuna.
Ikasturtea amaitzear dago, baina udan ez zarete geldirik egongo, Egokitu programa eskainiko baituzue. Zertan datza?
UPV/EHU-k udan, Gipuzkoako Campusean, martxan jarritako programa da Egokitu. ‘Euskal gazteen orientaziorako ikastaroa. Talentua unibertsitatean’ da bere goiburua. Horren bitartez, DBH 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko 1. mailako ikasleei uztailaren 1etik 5era, astebetez, 09:00etatik 14:00etara, atentzioa ematen dieten unibertsitateko arloak ezagutzeko aukera ematen zaie. Besteak beste, ingeniaritza ezagutzeko aukera dago eta iaztik Eibarren eskaintzen da programa, ordura arte Donostian bakarrik egin baitzen. Gure kasuan, ingeniaritza eta berriztagarriak modu ludikoan ezagutzen dituzte.
Nolako jarduerak egiten dituzte zehazki?
Jarduerak bi arlotan banatu ditzakegu: esperimentalak eta simulazio edo ordenagailu bidez egiten direnak. Adibidez, matematikaren bidez energia berriztagarriak energia nola sortzen duten ikusi dezakete ordenagailu bitartez, edo olio begetalen hondakinetatik biodiesela nola sortu daitekeen ikusten dute, besteak beste. Ikasleek kontzeptuak ulertzen dituzte, batzuetan esperimentalki ikusten dituzte, eta neurketak ere egin ditzakete. Ez da formula aplikatzea, baina bai pixka bat intuitiboki aplikatzea, bokazioa sortzea.
Iazko esperientzia nolakoa izan zen?
Oso polita. Ikasleak gazteak dira eta pixka bat beldurtuta etorri ziren, baina bigarren egunetik aurrera konfiantza hartu zuten eta oso gustora egon ziren. Beraientzat dibertigarria izan zela uste dut. Unibertsitatera hurbildu ziren eta hemen ikusitakoak kuriositatea sortu zuen eurengan.
Zergatik izan daiteke garrantzitsua Egokitu programan parte hartzea?
Unibertsitatea beti egon da hiriburuetan, baina Eibarren, zorionez, 1968tik unibertsitate eskola dugu, ingeniaritza eskola. Transformazio eta izen ezberdinak izan ditu, baina hemen gaude oraindik eta garrantzitsua da hori gizarteari ikusaraztea. Inertziak daude eta joera beti izaten da hiriburura joatea. Zorionez, Gipuzkoako Campusak apustua egiten du Eibarren unibertsitatearen irla txiki honi eusteko. Zentzu horretan, garrantzitsua da Eibarko eta eskualdeko jendeak hona modu ludikoan gerturatzeko aukera edukitzea.
Aurten Berriztagarrien graduko 10. promozioko graduatuak izango dira. 2011z geroztik eskaintzen duzue gradu hori. Nolakoak izan dira urte hauek?
Hasiera pixka bat traumatikoa izan zen. Izan ere, lehen mekanikako eta elektronikako ingeniaritza teknikoak eskaintzen genituen eta bat-batean, 2009. urtearen inguruan, esan ziguten ezingo zirela hemen ematen jarraitu eta, beraz, titulaziorik gabe geratuko ginela. Horrela, UPV/EHU-k alternatiba bat sortzeko aukera eman zigun eta, azterketa bat egin ondoren, atzeman genuen energia berriztagarriena izan zitekeela etorkizuna. Gaur egun ikusten dugu, 2011n martxan jarri arren, horrek gero eta indar handiagoa duela. Gure graduatuak ondo kokatzen dira lanpostuetan eta batzuek masterrak egiten dituzte. Horrela, enplegu-tasa oso altua da, %94koa.
Talentuaren kontua aipatu duzu lehen. GIE-k Eibarren atala izatea bertako talentua egotea sustatzen du? Eta ez bertakoa bakarrik, baita kanpotik etorritakoa ere?
Hemengo enpresek, udalek, Debegesak eta BPTD-k (gu geu bazkideak gara) bertako talentuari eusteko ardura dute. Gaur egun ikasleek aukera asko dituzte, komunikazioak onak dira eta jende asko kanpora joaten da lanera edo ikastera, baina ahal den neurrian bertako talentua bertan geratzea garrantzitsua da. Hori bai, ez dadila derrigorrezko zerbait izan, baizik eta hemen nolako aukera dauden erakutsita. Bestalde, kanpotik talentua erakarri ahal badugu, interesgarria izan daiteke baita ere.
Inguru honetan baldintza egokiak ematen dira talentuari eusteko?
Bai. Debabarreneko industria beti izan da mekatronikoa, hau da, mekatronikari eta elektronikari oso lotua, modu handian oraindik ere, baina azken urteotan enpresa mota ezberdinak hasi dira agertzen eta dezente dira energia berriztagarrien sektorekoak. Horrela, gure ikasle askok hemengo enpresetan egiten dituzte praktikak.
Etorkizuna berriztagarrien bidetik doa?
Energia berriztagarriak geroz eta garrantzitsuagoak dira, planetaren etorkizuna hortik joango dela ikusten dugulako, planetaren etorkizuna baldintzatuko dute. Trantsizio energetikoaren garaian gaude jada, energia ez kutsakorrak bilatu behar dira, eta horietako asko berriztagarriak dira. Erakundeak inbertsioak egiten ari dira horrela izan dadin, eta lanpostu asko sortzen ari dira eta sortuko dira.
Hurrengo ikasturtean Ibilbide Duala egiteko aukera eskainiko duzue, baina zer da zehazki?
Gaur egun, 4. mailako ikasleek enpresetan praktikak egiteko aukera dute bigarren hiruhilabetean. Beraz, enpresako praktikan eboluzio natural bezala, ikasleetako askok gradu amaierako lana enpresetan egiten dutenez, 4. mailako lehen eta bigarren hiruhilabeteetan proiektu formatibo bat egiteko aukera ematen zaie Ibilbide Dualaren bitartez, ibilbide jakin bat jarraituz. Horrela, egun batzuetan ikaslea klasera joango litzateke eta beste batzuetan enpresara, proiektu formatibo hori enpresan egin dezan. Orain arteko enpresetako praktikekin alderatuz, honako horretan proiektu zehatzago bat egiten da ebaluazioa egiteko, irakasgai batzuekin lotura duena, eta gero gradu amaierako lana enpresa horretan egingo lukete. Ibilbide Duala orain arteko praktikak baino pack handiagoa eta zehatzagoa da. Gainera, ikasleei lan kontratua egiten zaie, eta enpresa batek ikasle bat Ibilbide Duala egiteko hartzen duenean esan dezakegu oso aukera handiak dituela bertan lanean geratzeko. Aurten proba pilotua egin dugu bost ikaslerekin Tekniker ikerketa-zentroan eta datorren ikasturtean, Teknikerrez gain, beste hiru enpresatan jarriko dugu martxan Ibilbide Duala (tartean Mendaroko Masermic enpresan).
Aurten, lehen aldiz, Korrikan hartu duzue parte. Nolako esperientzia izan da?
Irakasle asko Eibartik kanpo bizi direnez, orain arte zaila egin zaigu parte-hartzea, baina aurreko edizioan gogotsu agertu ginen. Ezin izan genuen parte hartu eta aurtengoan parte hartzeko konpromisoa hartu genuen. Horrela, Ermutik Hezkuntza Esparrura bidean dagoen azken biribilgunean hartu genuen lekukoa.
Nolakoa da GIE – Eibarren euskararen alde duzuen jarrera?
Unibertsitate Laborala 1968an sortu zen, Francoren sasoian, eta 2000. urte ingurura arte gazteleraz soilik ikasteko aukera zegoen. Ni neu ikasle izan nintzen bertan eta irakasle dihardut urte askoan; beraz, bertako transformazioa ikusi dut. Luzea izan da, baina gaur egun ia dena euskaraz egiten dugu: eguneroko langile eta ikasleen harremanak, eskolako batzar guztiak, eta abar.