Pedro Irusta eta Begoña Dorronsoro: "Beti dago komunikaziorako bideak hobetzeko aukera"
- Zer dela eta erabaki da horrelako plana abiaraztea?
Aurretik ere udalaren barne zein kanpo harremanetan komunikazioa hobetzeko pausoak eman dira, batez ere azken urte eta erdian. Izan ere iazko udan aurkeztu zen udalaren webgune berriak zein gardentasunari eskainitako atariak asmo horri erantzuteko sortu ziren eta, horiekin batera, komunikazioa hobetzera eta erraztera bideratutako beste neurri batzuk ere hartu dira, baina orain arte ez da egon horien inguruko plan orokorrik, hau da, banaka banaka sortzen eta martxan ipintzen joan dira. Horregatik, eta beste erakunde batzuen adibideari jarraituta, Eibarko Udalak horrelako plana izateko beharrari ekin behar zitzaiola erabaki eta horretan dihardugu beharrean. Hiru urterako Komunikazio Planak 10 puntu izango ditu eta une honetan lehen puntua lantzen ari gara.
- Eta zein da lehen puntu hori?
Beste ezertan hasi baino lehen, hasieran aipatutako esparru bi horietan komunikazioa nolakoa den jakin behar dugu, gero horren araberako erabakiak eta neurriak hartu ahal izateko. Horregatik, badira pare bat hilabete hori ahalbidetuko digun diagnostikoa osatzeko beharrean hasi ginela. Barne komunikazioari buruzko informazioa jasotzeko udaletxe barruko 50 bat langilerekin banakako bilerak egin ditugu eta, horrez gain, barne-inkesta ere egin da. Eta kanpo harremanetan komunikazioa nolakoa den jakiteko, besteak beste, oso modu errezean erantzun daitekeen gogobetetze inkesta prestatu da, nahi duten herritarrek hori betetzeko aukera izan dezaten. Galdetegia interneten, udalaren web orriaren bidez bete daiteke eta, bestela Pegora Herritarren zerbitzurako bulegoan, Juan San Martin liburutegian eta Armagintzaren Museoan ere badago horretarako aukera. Hala ere, interesa izanez gero azkar ibili beharko da, inkesta betetzeko epea ixtear dago eta. Orain arte nahikoa jende animatu da inkesta betetzera eta euren iritzia azaltzera, baina zenbat eta jende gehiagok parte hartu orduan eta hobeto, diagnostikoa aberatsagoa izango da eta. Diagnostikoa biribiltzeko, bestalde, herriko komunikabideetan beharrean zaudeten kazetariekin mahai-ingurua egin nahi izan dugu, honen guztiaren inguruan zuen iritziak garrantzi handia dauka eta.
- Iritzi guztiak batzen dituzuenean, zein izango da emango duzuen hurrengo pausoa?
Ba udako oporren aurretik, ekaina edo uztailean diagnostikoa egiten amaitzea nahiko genuke, ondoren hor jasotakoari erantzuna emateko ekimenetan lanean hasi ahal izateko.
- Azken aldian udaletxe eta bestelako erakunde publikoetan garrantzi handia ematen ari zaio komunikazioaren gaiari, zer dela eta?
Bereziki horretarako planik izan barik ere, udalak betidanik izan du horren inguruko interesa. Azken batean normala da, udalari jendeak zer pentsatzen duen, herritarren kezkak zeintzuk diren… horiek guztiak asko interesatzen zaizkio, horien arabera eta, beharra dagoela ikusiz gero, horren arabera komunikatzeko moduak aldatzeko aukera dago eta. Gainera, komunikazioak lotura zuzen-zuzena dauka gardentasunarekin eta denok dakigu zein garrantzitsua bilakatu da bigarren gai hori.