Pedro Vilas, dantza irakaslea: "Probatzen dutenean mutilak ere gustora ibiltzen dira dantzan"
- Nolako ikastaroa emango diezu izena eman duten gazteei?
Ikastaroa sei ordukoa izango da eta, beraz, hip-hop dantzei hiru ordu eta break dantzei beste hiru ordu eskaintzeko asmoa daukat. Ikastaroaren iraupena hori dela kontuan izanda, bertan parte hartzen duten gazteek dantza mota bien inguruko oinarrizko kontzeptuak ikasteko aukera izango dute.
- Horrelako beste ikastarorik eman duzu aurretik ala hau izango da irakasle diharduzun lehen aldia?
Ez, aurretik ere eman ditut antzerako beste ikastaro batzuk. Aurreko ikasturtean, adibidez, Gipuzkoako hainbat herritan ibili nintzen ikastetxe batetik bestera umeei dantzak erakusten.
- Eta zer moduz? Gustatzen zaizkie zuk erakusten dituzun dantzak?
Nik baietz uste dut. Askorentzat horrelako dantzak nahiko ezezagunak ziren ni ailegatu eta zerbait erakusten hasi arte. Hala ere, azken urteetan askoz ezagunagoak bilakatzen dihardute. Uste dut telebistak eta internetek berak eragina badutela eta, eurei esker, dantza horiek jendearentzat gero eta ezagunagoak direla. Horrekin batera, jendeak kale-dantzen inguruko jarrera zabalagoa daukala pentsatzen dut.
- Beste dantza batzuetan, orohar, neskak mutilak baino gehiago animatzen direla entzuten dugu sarritan. Gauza bera gertatzen da hip-hop, break-dance eta horrelakoetan?
Ba hauetan ere neskak mutilak baino gehiago animatzen dira gehienetan. Baina behin probatzen hasita, mutilak ere oso gustora ibiltzen dira dantzan.
- Zu zeu beste mutil batzuekin batera hasi zinen dantzan. Elkarrekin jarraitzen duzue?
Ni 16 urte nituenean hasi nintzen beste lagun batzuekin batera dantzatzen, hasieran kiroldegian batzen ginen eta erakustaldi eta saio batzuk ere eskaini genituen. Baina horrek ez du jarraipenik izan eta gaur egun beste hiruzpalau lagunekin batera entrenatzen dut, geure kontura jarduten dugu, beste barik.