Pepe Viyuela, aktorea: "Antzerkiarekin maitemintzeko aukera izango duzue barixakuan Eibarren"
- Zenbat denbora daramazue antzezlanarekin eta zer ikusi ahal izango dugu Coliseoan?
Urtebete pasatu da estrenatu genuenetik, eta Madrilen izan ondoren gira bat egiten dihardugu. Orain azkenengo txanpan gaude, laster amaituko dugu. Gure antzerkiaren klasiko bat berreskuratu dugu. “El baile” maitasunaren, laguntasunaren eta denboraren joan-etorriaren gaineko fabula poetiko bat da. Taula gainean agertzen garan emakumezkoa eta bi gizonezkoek elkar maite dugu. Komedia kutsua dauka baina Nevillek bere lanetan eskaintzen duen elegantzia galdu gabe. Batzuetan drama-puntu bat ere azaltzen da.
- “El Baile”n hiru garai desberdin agertzen dira: 50. hamarkada, 70. hamarkadaren amaiera eta XXI. mendeko hasiera...
Hiru lagunen gaztaroa, helduaroa eta zahartzaroa azaltzen dira. Hau aktoreentzat oso aberasgarria eta polita da; 90 minututan lehenengo gaztea eta ondoren heldua eta zaharra izan behar duzu, honek guztiak dituen zailtasunekin.
- Zelan animatuko zenuke jendea “El baile” ikustera joateko?
Pasa den mendeko antzerkigintzako piezarik inportanteena da “El baile”. Sarritan taularatu bada ere, azkenenko 15 urteetan ez da antzeztu. Beraz, antzerkia maite dutenek ederto pasatuko dute. Bestetik, antzerkia gustoko ez dutenentzat antzerkiarekin maitemintzeko aukera paregabea da “El Baile”.
- Umorista izateaz gain aktorea, pailazoa eta poeta zara. Urte asko daramazu lanean eta gaur egun oso ezaguna zara telebistako Aida seriea egiten duzun paperagatik (Txema). Nola daramazu hain ezaguna izatea?
Ondo daramat. Ez naiz horren bila ibili. Neri interpretatzea gustatzen zait eta telebistak ospea dakar berarekin. Ospeak ez nau bereziki zoriontsua egiten baina, egia esan, jendea oso ondo portatzen da nirekin, eta hori eskertzekoa da.