Pertsona nagusientzako tutoretzapeko bederatzi apartamentu egingo ditu Udalak Estaziñoan
Eibarko Udalaren Gizartekintza Sailak mendekotasun-egoeran dauden adinekoentzako apartamentuak egiteko asmoa du. Tutoretzapeko bederatzi apartamentu dira, eremu komunak dituztenak. Bertan, herriko adineko beste pertsona batzuei ere emango litzaieke eguneko zerbitzua; apartamentuak Estaziñoan egiten ari diren eraikin berrian kokatuko dira. Eraikina eraikitze-prozesuan dago eta Udalak espazio bat du bertan. Eraikuntza bi fasetan egingo da, eta Udalak gutxienez lau apartamentu egingo ditu lehenengo fasean, eta beste bost bigarrenean.
Pertsona bakarrarentzako edo bikote batentzako apartamentuak izango dira, edo, salbuespen gisa, familiarentzako apartamentu bat; espazio-aukeren arabera, bizikidetza-unitate batentzako apartamentu bat ere egin liteke, esaterako, kasu bat izan daiteke bikote bat, non ezkontideetako batek mendekotasun arina duen, eta, beste kasu bat desgaitasunen bat edo eguneroko bizitzarako zailtasunak dituen seme-alaba bat edukitzea norbere kargu. Gainera, gune bat egongo da zerbitzua kudeatzen duten langileentzako eta espazio komun bat talde-dinamikaren bat edo tailerren bat egiteko.
Langileek tutoretza-bitartekaritza, akonpainamendu soziala eta gainbegiratze-lanak egingo dituzte, eta baita, hala badagokio, arreta pertsonala eman eta etxeko lanetan lagundu ere. Gainera, beste prestazio osagarri batzuk ere sar litezke, hala nola mantenua, etxeko garbiketa eta arropak garbitzea.
Bestalde, aztertzen ari dira gune bat prestatzea eguneko arretarako, bai apartamentuen erabiltzaileentzat, bai mendetasun-arriskuan edo -egoeran dauden herriko beste adineko pertsona batzuentzat. Bertan, informazio-zerbitzuak, jarraipenaren balorazioa, esku-hartze sozioedukatiboa eta psikosoziala, eta akonpainamendu soziala eskainiko lirateke. Zerbitzu hau eskainiko balitz, ez litzateke erabiltzaileentzako talde-dinamikak egiteko gune komunik egingo.
Proiektua egiteko, zeinak Hiri Antolamenduko Plan Orokorra, Kode Teknikoa eta Bizigarritasun Dekretu berria bete behar dituen, aurrekontuak eskatu zaizkie udalerriko arkitektura-estudioei, eta aurkeztu diren zazpietatik, ARKIGESen proiektua proposatu da, 13.915 euroko prezioan (BEZa barne).