Pilar Gutiérrez-Alonso, "Dorothy": "Musikala umeentzat zein helduentzat erakargarria da"
- Ikuskizuna aurkezteko orduan "betiko istorioa inoiz ez bezala kontatua" dela diozue. Jatorrizko ipuina moldatu duzue?
Ardatza L. Frank Baum-ek idatzitako ipuinak osatzen du, baina kontakizuna gaur egungo sasoira moldatzeko hainbat aldaketa egin dizkiote eta aldaketa batzuk, gainera, bereziki helduengan pentsatuta daude. Horregatik, umeei ez ezik helduei ere oso erakargarria egiten zaie ikuskizuna, familia osoarentzat da egokia.
- Nolatan sortu zen ipuin horren inguruko musikala?
Ipuineko pertsonaiak benetan maitagarriak dira eta mezua ez da zaharkituta geratu, beraz jende askori oraindik ere asko gustatzen zaio. Eta, nola ez, ikuskizuna musikala izatea pentsatzeko orduan ekoizlea musikaria izateak bere garrantzia izango zuen.
- Interpretazioari kantak eta dantzak gehitzea erronka berezia izan da zuretzat?
Aurretik hainbat antzezlanetan abesten jardunda nengoen, baina horrek zerikusi gutxi dauka musikal batekin. Hala ere, dantzan zein kantuan formazioa banuen lehenagotik eta biak asko gustatzen zaizkidanez, ba horrelako ikuskizunean jardutea zoragarria da niretzat. Orain dela gutxira arte gurean, beste herri batzuetan ez bezala, ez da egon musikalen inguruko tradiziorik eta, horregatik, zailagoa da arlo guztiak landu dituzten aktoreak aurkitzea.
- Ikuskizunak laugarren denboraldia bete du eta tarte horretan milatik gora saio eskaini dituzue. Nolakoa da harrera?
Zoragarria benetan, umeak liluratuta irtetzen dira. Eta ikusleetako batzuk birritan eta hirutan etorri zaizkigu, asko gustatu zaien seinale.