PloneConf konferentziak herrian izan duen inpaktua milioi erdi eurotik gorakoa izan da

PloneConf konferentziak herrian izan duen inpaktua milioi erdi eurotik gorakoa izan da
2023/10/10 12:06
eta kitto!
Domekan amaitu zen PloneConf 2023 Nazioarteko Konferentzia Teknologikoa eta antolakuntzan ibili den CodeSyntaxek egitasmoaren inguruko balorazioa egin du. Euren berbetan, “konferentziaren inpaktua milioi erdi eurotik gorakoa da, bai bidaietan, ostatuan, pertsonako gastu zuzenetan, bai prestakuntza-jarduerek, software-garapenak edo negozio- eta marketin-garapenak eragindako zeharkako inpaktuan"

PloneConf-en “ikuspegi teknologikotik, konferentzian AI - adimen artifiziala, robotak, irisgarritasuna, web zibersegurtasuna, VR... eta, jakina, CMS edo Content Management Systems sistemekin lotutako gaiak jorratu dira", antolatzaileen berbetan. Horrela, Eneko Astigarraga CodeSyntaxeko gerentearen berbetan, “konferentziak Euskadi software librearen eta Interneteko edukien kudeaketaren erreferentzia-puntu gisa kokatzen lagundu du”. Gainera, Mikel Larreategi, CodeSyntax enpresako bazkide eta ingeniaria, datozen bi urteetan Plone Foundationeko zuzendarien batzordeko kide izango da, Fundazioaren kudeaketa eta gainbegiratzearen arduradun duena.

 

26 herrialdetako 220 lagun

Datuak aztertuz, 26 herrialdetatik (Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Japonia, Mexiko, Brasil, Hegoafrika, India, Ingalaterra, Alemania, Errumania, Frantzia, Italia...) etorritako 220 pertsonak hartu dute parte; eta beste 560 pertsona gehiagok (ia 800 pertsona guztira) jarraitu dute streaming bidez emandako saioetakoren bat.

Guztira, 50 hizlarik hartu zuten parte konferentzian, gehienak nazioartekoak, hiru egunez Coliseo Antzokian hitzaldiak, keynoteak, erabilera-kasuak eta abar eskainiz. Bestetik, konferentziaren lehenengo bi egunetan prestakuntza saioak egin zituzten Markeskuan eta, bertan, zortzi nazionalitatetako 11 prestatzaile profesionalek hartu zuten parte. Gainera, asteburuan, toki berean, softwarearen garapenari eta dokumentazioari buruz egindako saioetan 50 aditu ibili ziren.

 

Argazkia: CodeSyntax