PSE-EE eta EH Bilduk aurrekontuaren negoziazioan adostasuna lortu dute
Aurreko barixakuan prentsaurreko bana eman zuten PSE-EE eta EH Bilduk, 2014rako udal aurrekontuaren negoziazioan ordura arte egindako bileren emaitzaren berri emateko. Alderdi biek akordioren batera ailegatzeko borondatea azaldu zuten eta gaur goizean egindako bileran ados ipintzea lortu dutela jakin berri dugu, Alkatetzatik erredakziora ailegatu den oharraren bidez. Jarraian irakur dezakezuen puntuek osatzen duten hitzarmenari jarraituta, Bilduko ordezkariak aurrekontua onartzeko plenoan abstenitu egingo dira. Alkatetzatik argitu dutenez, hitzarmeneko puntuak ez dira EH Bilduk zuzenean aurkeztutako proposamenak, baizik eta Bilduren emendakinetatik abiatuta, PSE-EErekin batera adostatutakoak. Jarraian, hitzarmena puntuz-puntu:
Aurrekontuan partida izango dutenak:
1.- Eibarren Ekocenterra sortzeko bideragarritasun ikerketa (18.000 euro). Ikerketa 2014ko ekainak 30erako eginda egon beharko da eta, ikerketak Ekocenterra sortzeko baldintza egokiak betetzen direla azalduko balu, Udalak Mankomunitatearekin batera 2015ean martxan ipintzea hitzartuko du.
2.- Kale-argiztapena hobetzea (partida 72.120 eurotan handitzea). Aldaketak eta ikerketak zerbitzu batzordean aztertuko dira eta 2014ko abenduaren 31a baino lehen egingo dira.
3.- Gertatu programarentzat partida handitzea (16.300 euro), Eibarko enpresa txiki eta ertainen konpetibitatea hobetze aldera erronka teknologikoen inguruko proiektuan erabiltzeko.
4.- … eta kitto! Euskara Elkartearekin Udalak duen hitzarmeneko partida handitzea (22.300 euro), Berbetan eta Euskara sailak egoki ikusten dituen programak garatu ahal izateko.
5.- Bakarrik bizi diren pertsona nagusientzat suaren kontrako sistemak (40.000 euro). 2014ko abenduaren 31a baino lehen ezarriko dira.
Partida eskatzen duten horiekin batera, beste bi hauek hitzartu dituzte:
1.- Errebalen: udaleko aurrekontuan ideien-lehiaketa eta parte-hartze prozesua, biak ordaintzeko nahikoa diru badago. Behin fase hori amaituta, proiektua erredaktatzeko beharrezkoa den partida gehituko zaio.
2.- Hirian birziklapena ikertu eta horren inguruko hausnarketan lan egiteko taldea eratuko da, Ingurugiro batzordearen barruan. Bertan sortutako proposamen guztiak Mankomunitateari helaraziko zaio, beti ere hondakinen bilketa hobetzeko asmoz. Taldean, ordezkari politikoekin batera, GARDEN taldea ordezkatuta egongo da.