Rafa Gorrotxategi, gozogilea: "Txokolatea beti egon da modan"
- Nolakoa izango da Eibarren eskainiko duzun saioa?
Sarrera modura, txokolate eta kakaoaren historiari lotutako hainbat pasadizo eta bitxikeria azalduko ditut, produktu honi lotutako hamaika kontu interesgarri daude-eta. Azalpenei laguntzeko horrelakoetarako apropos lehortutako kakao-fruituak eramango ditut, fruituaren barruan dauden babak nolakoak diren erakusteko. Babak ehotzean lortzen den pasta, ezpainetarako erabiltzen dugun kakao-koipea eta dastaketan parte hartzen dutenek jateko txokolate sorta ere eramateko asmoa daukat.
- Gorrotxategiren eskaintza begiratzen hasiz gero, harritzeko moduko txokolate zerrenda dago. Une bakoitzerako aproposa den txokolaterik badago?
Horretan norberaren gustuak agintzen du, bakoitzari txokolate jakin batzuk beste batzuk baino gehiago gustatzen zaizkiolako. Egia da azken urteotan txokolate mingotsak gero eta harrera hobea duela, besteak beste sendagileek azukrearekin gozotutakoa baino osasuntsuagoa dela esaten hasi zirelako. Bestela, txokolate klase ezberdinak sortzeko fruitu lehorrekin eta beste osagarri batzuekin jokatzen joaten gara. Nik, esate baterako, gauero, oheratu baino lehen, 80-100 gramorekin egindako txokolate katilukada hartzen dut.
- Modaren eraginez, loditzen duen edozer ez jateko mezua entzuten dugu sarritan. Txokolate-salmentetan eraginik izan du horrek?
Ba txokolateari ez dio bereziki kalterik egin. Izan ere, txokolatea beti modan egon dela esan dezakegu. Txokolatearen izen zientifikoa "Theobroma cacao" da eta grekotik datorren theobromak "jainkoen edaria" esan nahi du. Beraz, nola pentsatuko dugu jainkoen edari modura definitutakoak kalte egin dezakeenik? Gainera, azken aldian gero eta gehiago aipatzen dira kakao eta txokolateak dauzkaten onurak. Bat aipatzearren, txokolate mingotsak te berdeak edo ardoak baino propietate antioxidante gehiago dauzkala diote adituek.
- Gorrotxategi txokolateak internet bidez erosteko aukera ematen duzue zuen webgunean. Nora saltzen duzue gehien?
Eskaera gehienak Euskal Herritik bertatik jasotzen ditugu, alde handiarekin, gainera. Hemendik kanpora ere saltzen dugu, Madril, Andaluzia eta estatuko beste hainbat tokitara, baina, zalantza barik, eskaera gehienak gure ingurutik jasotzen ditugu.
- Museoa ere eskaini diozue txokolateari. Gorrotxategi familiakoek txokolateari eskainitako bizitzak dauzkazue, belaunaldiz belaunaldi ofizioari eutsi diozue-eta…
Ez pentsa, nire belaunaldian anaiak eta biok nahiko berandu erabaki genuen honetan jardutea, umetatik laguntzen genuen, baina lanerako bokazioa soldadutzatik bueltan ailegatu zitzaigun. Berez nik argazkilaritza eta diseinua ikasi nituen, pentsa!