Ranpa eta Truko, skate komunitatea sortzen

Ranpa eta Truko, skate komunitatea sortzen
2021/02/01 13:36
eta kitto!
Patinatzea maite duen eibartar talde batek Ranpa eta Truko Skate Elkartea sortu du. Patinatzeko herrian dauden azpiegituretan hobekuntzak egin nahi dituzte, modu egokian patinatzeko, herritarrak skatearen mundura erakartzeko, skatearen kultura sustatzeko eta, horrela, Eibarren skate komunitatea sortzeko. Debabarrenako patinatzaile guztiei ateak ireki dizkiete eta ranpaetatruko@gmail.com helbidera idatzita edo 640 53 25 71 (Jon) telefonora deituta jarri daiteke eurekin harremanetan.

 

Skaterrak beti egon dira hor. Baina patinetean ibili nahian, beste barik, baztertuak izan dira askotan. “Kalean edo parke batean patinatzen bagabiltza, askotan jendeak udaltzainei deitzen diete kexaka”, dio Jon Agirregomezkorta Ranpa eta Truko elkarteko presidenteak. Udal-ordenantzak, aldiz, ez du zehazten kalean patinatzea debekatuta dagoenik. “Jartzen du ezin direla hiri-altzariak hondatu”, azaltzen digu Jonek, baina herriko skaterrek nahiko argi dute herritarrek ez dituztela begi onez ikusten.

Kalean ez dira ongietorriak, baina eurendako prestatutako gunea ez da egokia. “Sautsiko skate parkea oso zaharkituta dago eta, ondorioz, ez da batere segurua. Guk egin behar izan dizkiogu konponketa batzuk”, kontatu digutenez.

Aspalditik dabiltza patinatzeko toki egoki bat eskatzen eta, besteak beste, horregatik sortu dute elkartea. “Talde moduan bakarka baino gehiago eragin dezakegu. Horrela, alkatearekin eta hainbat alderdi politikoetako ordezkariekin bildu gara dagoeneko”, diosku Agirregomezkortak, “eta gure proposamenak ondo hartu dituzte printzipioz”.

Ranpa eta Truko skate elkartea066

Patinatzeko leku egokiak

Bi dira Ranpa eta Trukoren proposamen nagusiak: Sautsiko skate parkea birmoldatzea eta patinatzeko eremu estalia sortzea. Sautsiko parkearen egoera kaskarrari dagokionez, gauza batek ematen du atentzioa. “Nahiago dugu Altzubarreneko frontoian patinatu, hona etortzea baino”, aitortzen dute elkartekoek. Bestela, Eibartik kanpo joan behar izaten dira.

Elkartearen ustez, “Sautsiko parkea zaharkituta dago, modulu batzuk altxatuta daude eta kontuz ibili behar zara tupust egin nahi ez baduzu, lurra ez da egokia, inguruko hesiak ez dira batere seguruak, moduluak ez dira ikasteko egokiak… berrikuntza eta birmoldaketa bat behar du modu egokian patinatzeko, eta gero mantenua beharrezkoa da”.

Sautsiko parkea birmoldatzea da elkartearen gutxieneko eskaera eta proiektu bat aurkeztu diote Udalari, baina urtean zehar Euskal Herrian euri asko egiten duela kontuan izanda, estalitako gune bat edukitzea berebizikoa ikusten dute. “Estalitako toki bat behar dugu Eibarren. Sautsiko parkea estaltzea posible ez bada, Errebaleko merkatu plaza berrian ordutegi jakin batean patinatzeko toki bat egokitzea aukera bat da, adibidez, baina ideia gehiago ditugu buruan”, diotenez.

Ranpa eta Truko skate elkartea034 Ranpa eta Truko skate elkartea044 Ranpa eta Truko skate elkartea047 Ranpa eta Truko skate elkartea051 Ranpa eta Truko skate elkartea058

Kaleko kultura

Ranpa eta Truko Skate Elkartean giro berezia bizi da. “Gure arteko harremana bikaina da. Adiskidetasuna da nagusi eta ez dago inolako lehiakortasun zikinik. Lehia badago, sanoa da. Bakoitzak besteengandik ikasten du eta elkarri laguntzen diogu”, diote elkarteko kideek.

Adin guztietako kideak batzen ditu elkarteak, baina ezberdintasun hori muga bat izan beharrean, abantaila da. “Skaterren artean demaseko anaitasun giroa aurkitu dugu”, esan digu esker onez Ana Baglietto Unai Zabala gaztetxoaren amak.

Skatea kalean sortu da eta kalea da bere habitata. “Hiri handietan patinatzeko tokiak egokitzen dituzte, baina kontua da han jendeak ondo ikusten duela eta hemen ez. “Txip hori aldatu beharko litzatekeela uste dugu”, diote elkartekoek. Gainera, skatea ez da patinatzea bakarrik. “Toki berean batzuek patinatu egiten dute, baina beste batzuek rapa abesten dute, albokoek dantzatu… kaleko kultura da”, euren ustez.

Ranpa eta Trukok skatearen kultura herrira zabaldu nahi du, herritarrekin modu atseginean elkarrekin bizitzeko eta aisialdirako aukera gehiago eskaintzeko. Horretarako, hainbat ekintza (erakustaldiak, tailerrak…) egiteko asmoa dute pandemiak uzten duenean. Asmatuko dituzte oztopo guzti hauek gainditzeko trukoak.

Ranpa eta Truko skate elkartea112 Ranpa eta Truko skate elkartea180 Ranpa eta Truko skate elkartea181 Ranpa eta Truko skate elkartea183 Ranpa eta Truko skate elkartea197 Ranpa eta Truko skate elkartea200 Ranpa eta Truko skate elkartea210