Resen Elbereth, hackerra: "Hackerra informatikaz asko dakien norbait da, besterik ez"
- Gaurko saioko egitaraua irakurtzean zu "hacker" modura aurkezten zaituzte. Nola ailegatu zara horretara?
Hamar urte nuela asko aspertzen nintzen. Ordenagailuan asko gustatzen zitzaidan joko bat aurkitu nuen eta sarritan jarduten nuen, baina Messenger bitartez birus batek kutsatutako argazkia jaso eta nire kontaktuak eta beste gauza asko galdu nituen. Amorratuta, horrelako zerbait egiteko arrazoi bila hasi nintzen eta horrela hasi zen dena. Programatzen hasi nintzen, praktikatzen… eta gaur egun internet bidez nik garatutako softwareen salmentari esker egunero 30/40 euro irabazten ditut.
- Zuri grina piztu zizun galdera bera egingo dizut: zergatik sortzen dituzte birusak?
Asmo nagusia ahalik eta ordenagailu genienetara sartzea da, bertako datu erabilgarriak (txartelen datuak…) eskuratzeko. Datuak beste batzuei saltzen dizkiete sarritan: biktima bakoitzeko 20 zentimo ordaintzen dira.
- Batzuentzat hackerrak gorrotagarriak zarete, baina beste asko bila ere joaten zatzaizkizue…
Azken batean, hackerra informatika ezagutza handiak dauzkan pertsona da. Dakiena ez du zertan kalterako erabili behar. Nik neuk beste bideari jarraitzea erabaki dut, nahiago dut hori lapurtzen ibiltzea baino.
- Hackerrek non ikasten duzue?
Interneten, Google, foro eta bestelakoetan. Ni erabat autodidakta naiz, gaur egun hiru hizkuntzatan programatzen dakit eta ikasten jarraitzeko asmoa daukat.
- Webguneak erasotzea erraza da? Babes txikia dago, oro har?
Arazoa ez da horrenbeste babes barik egotea, baina hainbat faktorek gune bat erasotzea errazten dute. Edozein webgune eguneratzeari laga eta zuzenean erasoen aurrean gero eta babesa galtzen joango da.