Rol jokoen bidez beste mundu batzuetara bidaiatzeko aukera izango da Eibarren

Odisea elkarteak 'Héroes de Grafito' jardunaldiaren laugarren aldia antolatu du maiatzaren 23rako, Errebalen.
Rol jokoen bidez beste mundu batzuetara bidaiatzeko aukera izango da Eibarren
2026/05/05 11:37
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Rol jokoek gero eta presentzia handiagoa dute aisialdiaren esparruan, eta sormena, elkarlana eta kontakizun partekatuak uztartzen dituzten topagune bihurtu dira. Testuinguru horretan, Eibarren beste behin egingo dute 'Héroes de Grafito' jardunaldia, Odisea elkartearen eskutik.

Maiatzaren 23an izango da hitzordua, Errebalen, eta egun osoan zehar egingo dituzte saioak, goizez zein arratsaldez. Antolatzaileek azaldu dutenez, egitarauaren ardatza “one-shot” moduko partidak izango dira: saio bakarrean hasi eta amaitzen diren istorioak, parte-hartzaileek esperientzia osoa egun berean bizitzeko aukera izan dezaten.

Formatu horrek, gainera, ateak zabaltzen dizkie bai rol jokoetan aritutako pertsonei, bai lehen aldiz hurbildu nahi dutenei. Izan ere, jardunaldia publiko orokorrari irekita dago, nahiz eta joko-mahaietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko den.

Eibarko Odisea elkarteak urteak daramatza mahai jokoen eta rol jokoen inguruko jarduerak antolatzen. Antolatzaileen arabera, halako ekimenek aisialdi mota bat baino gehiago eskaintzen dute: istorioen bidez, komunikazioa, irudimena eta pentsamendu kritikoa lantzeko aukera ematen dute.

Udaletik ere balioan jarri dute ekimena. Haien ustez, kultur eskaintza zabaltzen laguntzen du, eta sormenarekin eta parte-hartzearekin lotutako espazioak sortzen ditu. Ildo horretan, rol jokoek talde lana eta harremanak indartzeko duten gaitasuna nabarmendu dute.

'Heroes de Grafito' jardunaldiak, gainera, jarraipena izan du azken urteetan, eta dagoeneko laugarrenez egingo dute aurten.

Partiden eta ordutegien inguruko xehetasunak Odisea elkartearen webgunean daude eskuragarri, eta parte hartu nahi dutenek aldez aurretik eman beharko dute izena.