Rosane Myard, Alpeetako aire freskoa
Taberna bat edo bi
Rosaneren haurtzaroa oso lasaia izan zen. “Vif oso txikia da eta ni, gainera, kanpoaldean bizi nintzen”. Familia bakarreko etxeetan bizi dira, bakoitza bere jardinarekin, eta Rosanek dioenez hango bizimodua oso ezberdina da Grenoble eta Eibarkoarekin alderatuz. “Etxeetan elkartzen gara gehiago, ez hainbeste kalean. Nire herrian taberna bat edo bi daude bakarrik”. Gero, institutura joateko sasoia heldu zenean, Grenoblera joan zen eta erizain ikasketak egin zituen. “Ez nintzen guztiz egokitu Grenobleko bizimodura. Gustorago negoen nire etxean lasai, baina esperientzia ona izan zen”.
Bartzelonan mundu berria
Pare bat urtez zaharren egoitza batean lan egin ondoren, aldaketa behar zuen, “abentura bat bizitzea”, eta Bartzelonara joatea erabaki zuen. “Beti izan nuen hara joateko gogoa eta aurretik gazteleraz pixka bat egiten banekien ere, gehiago ikasi nahi nuen”. Ume-zaintzaile jardun zuen Bartzelonan eta asko gustatu zitzaion hango bizimodua. Gainera, han ezagutu zuen bere mutil-laguna, Josu, eibartarra dena. Bartzelonatik Frantziara itzuli zen, baina Eibarren bizitza berria zuen aurretik. “Euskaldunek jendea erakartzen dute”, dio barrez, “eta Euskal Herria ezagutzen nuenez eta gustatu zitzaidanez, Eibarrera bizitzera etortzea erabaki nuen”.
Pintxoak bai, kuadrillak ez
Udak Eibar edertzen duela dio Rosanek, baina egun grisetan ez da oso polita bere ustez. “Hala ere, herriko giroa, bizimodua, dena hurbil egotea… Zoragarria da. Herri erosoa da. Orain bertan ez nintzateke Eibartik joango”. Etxean bezala sentitzen da hemen. “Bartzelona eta Vif arteko nahasketa bat da”. Gainera, pozik eta gustora dago hemen aurkitu duen jendearekin. “Euskaldunak oso jatorrak dira”, bere iritziz, baina badago hainbeste gustatzen ez zaion gauza bat: kuadrillak. “Uste dut ez dela beharrezkoa. Kuadrilla batean bazaude, lagun-talde horretara bakarrik mugatzen zara; eta kuadrillarik ez baduzu, ez zara lagun-talde batean sartzen. Hori ez zait gustatzen. Kuadrilla edo lagun-talde barik hobeto biziko ginatekeela uste dut”. Pintxoak, ordea, bai, asko gustatzen zaizkio. “Punta-puntako asmakizuna da!”.
Frantses irakaslea
Gazteleraz ondo egiteak ateak ireki dizkio Rosaneri eta berak aukera hori eskaini nahi die eibartarrei frantsesarekin. Izan ere, udatik bueltan, iraila-urria inguruan, frantsesezko klaseak eskainiko ditu Itzamna akademian. “Umeentzat, helduentzat, bakarka, taldeka… Jendeak nahi duen bezala”. Hizkuntza-irakasle izateko ikasi du eta hasteko gogoz dago. “Hainbat laguni frantsesezko klaseak eman dizkiet eta asko gustatzen zait”. Bestetik, astelehen arratsaldeetan frantsesezko mintzapraktika-saioak egiten dira Portalean eta irailetik aurrera Rosanek kudeatuko ditu.
Erizaina Hendaian
Rosane erizaina da Hendaiako zaharren egoitza batean eta joan-etorrian bizi da. “Txandaka lan egiten dudanez, lanera noanean hainbat egunetarako geratzen naiz Hendaian, hainbeste ez bidaiatzeko”. COVID-19aren fenomenoa oso gertutik bizi izan du, baina Hendaian ondo kontrolatu dute. “Egoiliarren artean ez da kasurik egon eta langileen artean oso gutxi”. Rosaneren ama Frantzian bizi da, ahizpa Belgikan eta bera Eibarren, ez da erraza bata bestearekiko hain urrun egotea, sasoi honetan are gutxiago. "Abuztuan Frantziara joatea eta familia ikustea espero dut”. Alpeetako airea arnastu eta arima betetzeko ordua da.
Grâce aux langues, on est chez soi n'importe où
Hizkuntzei esker, etxean egongo zara edonon