Ruper Ordorika, abeslaria: “Ez zaigu erraza izan Eibarren aritzea azken urteotan”
- Zelako emankizuna prestatuko duzu Coliseorako? Zein abestirekin osatuko duzu, zeinekin joko, zeintzuk etorriko zarete?
Kontzertu askotxo eman ditugu Hodeien azpian nire azken diskoa atera zenetik eta, dagoeneko, ez gara hainbeste ibiltzen diskoko kantuekin soilik. Horietaz gain, sasoi ezberdinetakoak ere sartzen ditugu emanaldian. Denetarik. Taldean, berriz, azken urteotako laukotean azalduko gara Eibarren: Arkaitz Miner (gitarra, bibolina eta mandolinarekin); Hasier Oleaga (bateriarekin) eta Lutxo Neira (bajuarekin).
- Non jotzen duzun zenbateraino aldatzen du zure jarduna? Eibarrek zein oroitzapen dakarkizu?
Tokia kontutan hartzen saiatzen naiz beti... bertan noiz jo dugun azkenekoz, antzokia den... Baina azkenaldiko kantuak sartzen ahalegintzen naiz, beti ere. Azken emanaldia Amañako zinean izan nuen eta gogoan daukat antolatzaileek hura aurrera eramateko jarritako kemena eta eskerturik nago oraindik ere... Aspaldiko denboretan sarritan joaten nintzen Eibar aldera, Bixente Martinezekin eduki dudan harremanagatik eta Klub Deportiboko sotoan kantatua nago, neure hasieretan... Ez zaigu erraza izan Eibarren aritzea azken urteotan.
- Orain arte hamasei disko kaleratu dituzu. Zelako bilakaera eman da hainbeste urtetako ibilbidean?
Musika mundua goitik behera aldatu da azkenaldian... Gure esparrutik begiratuta, nik uste azpiegitura dela gehien aldatu dena. Inoizko areto txukunenak ditugu orain eta, neure eginkizunetik begiratuta, garrantzia handikoa da hori. Orain antolatzaileen lana da interes askotara begira dabilen jende erakartzea... Bestela, arian-arian ikasten dabilen horietakoa naiz.
- Ohikoa egin duzu beste batzuekin jotzea, Hiru-Truku ere hor dago. Osatuago ikusten duzu zure lana besteen laguntasunarekin?
Justu azkenaldi honetan hasia naiz bakarka ere emanaldi gutxi batzuk ematen; baina, bai, gehi-gehienetan taldearekin ibiltzen naiz. Asmoa ez da kantuak apaintzea, baizik eta beste eremu batzuetan sartu ahal izatea, toki egokia bilatzea neure kantuetarako.
- Kantuak egiterakoan, melodiatik abiatzen zara edo letrak ematen dizu bidea? Arlo horretan, zein autore dituzu gogokoen?
Orain ia beti musikatik abiatzen naiz. Denetarik probatzen saiatu naiz, normala den moduan; eta, gaur egun ere, poema batek harrapatuz gero, berehala jartzen naiz kantuari begira. Neure hasieretan alderantziz izaten zen, hitzetik abiatzen nintzen ia beti.
- Epe motzera begira, jakin dezakegu zeintzuk diren zure hurrengo proiektuak? Noizko?
Ba, udazkenerako disko berria aterako dugu. Horixe da gure asmoa.
Soslaia
Euskal musikaren erreferenteetakoa dugu Ruper. Baita berritzaile eta internazionalenetakoa ere, rock eta pop musikatik kanpo ere beste hainbat estilo landu dituelako. Kanten bitartez, eta literatura medio, ametsak eta barrukoak aditzera ematen ditu oñatiarrak. Gizakiaren destinoa gogora dakarkigu, gure burua bere horretan islatzeko, ezinegon guztiak tarteko. Abesti sortzaile sutsua da eta kanten soinuari xehetasun handiz erreparatzen dio, bakoitzaren ezaugarriak aztertuz. Bere proiektuek, gainera, sekulako arrakasta izan dute. Folka, rocka, bluesa eta fusioaren bidetik izango da gurean beste behin, 16 disko eta bilduma bi atera eta gero. Ezin dira ahaztu Mugalaris-ekin eta Hiru Trukurekin ere egindako apustuak.