San Andres ikastetxia, 50 urte sasoian sasoikuari moldatzen
Irailleko azken egunian, 30ian kolorez betetako ekitaldixan presentau eben Untzagan San Andres ikastetxekuak eskolia sortu zala 50 urte betetzen dirala ospatzeko programaziñua. Ikastetxeko ordezkarixak eta Miguel de los Toyos alkatiak konpaiñia ederra euki eben: urteurrenerako egin dittuen kamiseta laranja eta berdiak jantzitta zeroien ikasle mordua. Nagusixak ekitaldixen barri emon eta jarraixan, harmailletatik bajatu eta plazia beteta "Eskuetan" abesti ezagunaren erritmora danak dantzan hasi ziran, egunerako bereziki preparau eben koreografixa ikusgarrixa danen aurrian erakutsita. Dantza horrekin ekin zetsen datozen hilliotan jarraipena eukiko daben 50. urteurreneko egitarauari.
Hurrengo ekitaldixa urrixaren 19xan egingo dabe: domeka horretan Arratera igoko dira han jaialdixa egitteko. Eta holan, ikasturte guztian hillero ekitaldi bereziren bat egingo dabela aurreratu deskue: azaruan Kirol Astia; abenduan "Unibersidadia eskolan" eta Gabonetako jaialdixa; urtarrillian Aste Gastronomikua; urtarrilla-otsailla bittartian Ate Irekixak; apirillian "Kultura eskolan", erakusketia (baten batek argazkixak-eta badakaz eskolara eruan leikez edo sanandres50urte@gmail.com helbidera idatzi) eta bazkarixa; maiatzian Euskeriaren Astia; eta ekaiñian sanjuanak ospatuta agurtuko dittue 50. urteurreneko jarduerak.
Ikastetxia modu ofizialian 1965eko otsaillaren 9xan sortu zan, "Agrupación Mixta de San Andres" izenarekin eta gaur egunian Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasliak betetzen dittue eskolako gelak, urte bi eta 12 bittarteko 469 ikaslek.
Gaur egunian ikastetxeko zuzendarixa dan Gustavo Marfullek ixa bizi guztia daroia eskolan: "Soldadutza amaittu barri, 1977xan hasi nintzan klasiak emoten. Orduan sasoian be ikasle mordua eguazela gogoratzen dot eta oin Sansaburun daguan parbularixua be guria zan, nahiz eta beste eraikin batian egon".
Horrenbeste urtian eskoliak aldaketa haundixak izan dittu, baiña inportantienetakua hizkuntzari lotutakua izan dala diño zuzendarixak: "Hasieran dana gazteleraz irakasten genduan, baiña 80. hamarkadan euskeria sartzen hasi giñan, dana euskeraz izan arte. Herrixan D eredua eskintzen hasi zan lehen eskola publikua geuria izan zan".
Hizkuntzarekin batera, erakusteko moduan izan dau kanbixorik haundiña: "Irakasliak lehenago betetzen eban rolak gaur egun betetzen dabenarekin zerikusirik ez daka. Oin dala urte batzuk irakasliak dana zakixan eta ikaslieri kontau egitten zetsen, baiña gaur egunian irakaskuntzaren oiñarrixa ikasketa bera da, umiak taldeko lanak eta bestelakuak eginda ikasten dabe. Ume bakotxak bere tokixa daka, iñor ez da kanpuan geratzen". Askori arrarua egingo jakon arren, San Andres eskolako ikasliak ez dabe ixa libururik erabiltzen: 3 urtekuen geletan hasi eta nagusixenen geletaraiño, klasiak guztiz dinamiko eta interaktibuak izateko aukeria emoten daben arbel digitalak ipiñi dittue.
Maria Luisa Alcalde irakasliak be bizitza erdixa pasau dau ikastetxian: ikaslia izan zan lehelengo, urte batzuk pasauta irakasle modura bueltau zan eta bere semiak be bertako ikasliak izan dira. Bere ikasle sasoian irakasliak tarima gaiñian egoten zirala gogoratzen dau, "eta pupitriak eta erroperuak eguazen. Neskak eta mutillak alkarrekin ikasten genduan, baiña gimnasia egitteko bereiztu egitten ginttuen. Institutuan egon arte ez neban pentsatzen irakaslia izatia, baiña ilusiñuarekin bueltau nintzan txikixeri klasiak emoteko".
50. urteurrenaren harira sanandres50.blogspot.com bloga ipiñi dabe martxan eta horren bittartez emongo dabe egitten diran jardueren zein bestelakuen barri eta aurreko eguneko dantzaren bideua be ikusteko moduan dago.