San Andres jaietako kartela eta egitaraua aurkeztu dituzte
San Andres Eguna azaroaren 30ean ospatuko bada ere, zapatutik aurrera hasiko dira jaien inguruan antolatu diren ekintzak. Zentzu horretan, Jon Iraola alkateak herriko kolektiboen eta norbanakoen lana eta ekarpenak goraipatu ditu, eibartar guztion artean antolatutako egitaraua izango delarik. Den-dena prestatzeko, ostera, 71.666 euroko aurrekontua behar izan du Udalak.
Gaur goizeko prentsaurrekoan, gainera, San Andres jaietako kartel-lehiaketaren irabazleen izenak jakitera eman dituzte. Sari nagusia Alfredo Leon Mañuk irabazi du ‘Sabor rural’ kartelarekin. 11 eta 14 urte bitartekoen artean, Lennon Franko Martinez izan da irabazlea ‘San Blasitoak azokan’ lanarekin. 10 urte artekoen artean, bestalde, Illari Aranzabal Castro izan da garaile ‘Jai alai’ lanarekin.
Eskolarteko Bakailao Lehiaketa
Hilaren 16an, zapatuan, hasiko da jaien inguruko egitaraua Eskolarteko Bakailao Lehiaketarekin. 20. edizioa izango da aurtengoa eta demaseko arrakasta izan du. Izan ere, 49 bikotek eman dute izena, baina 40 izango dira parte-hartzaileak, “ez dagoelako gehiagorentzako tokirik”, Patxi Lejardi jaietako zinegotziaren berbetan.
Ekitaldia 10:30ean hasiko da, Errebal Plazan, eta Bacalaos Alkorta, Aceites Urzante eta Inoxibar izan dira antolatzaileak Udalarekin batera. Bertan, herriko gazteenek euren trebezia erakutsi ahal izango dute. “Aitxitxa-amamak eta gurasoak izaten dira bertan, etorkizunean herriko elkarteetako sukaldari onenak izango diren umeak animatzen”, esan du Lejardik.
Bakailao Pintxo Lehiaketa
Herriko gazteek, gainera, euren ondoren Bacalaos Alkorta VI. Pintxo Lehiaketan parte hartuko duten sukaldari profesionalen aholkuak jasoko dituzte. Pintxo-lehiaketa ere Errebalen egingo da, 12:00etatik 14:00etara, eta show cooking saioa ere eskainiko dute Muxumartin (Donostia), Kobika (Durango), Bordaberri (Gasteiz), Vieja Iruña (Iruñea), Nuvola (Eibar), Viento Sur (Elgoibar) eta Kiska (Ermua) jatetxeetako sukaldariek.
Bertso Jaialdia
Datorren astean, hilaren 22an, XXVIII Bertso Jaialdia egingo da, 20:00etan, Coliseo antzokian, ...eta kitto! Euskara Elkarteak antolatuta. Goi-mailako bertsolariak izango ditugu bertan: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Jexux Mari Irazu, Alaia Martin, Aitor Mendiluze eta Jone Uria. Gai-jartzailea, bestalde, Jon Mikel Mujika izango da.
Jaialdia hasi aurretik, 17:30ean, San Andres Bertso Paper Lehiaketaren sariak banatuko dira.
Txistorra Eguna
Egun bat geroago, hilaren 23an, Txistorraren Eguna ospatuko da Untzagan, goizetik gauera. Bertan, txistorra kilometro bat prestatuko eta salduko du Eibarko Txirrindulari Taldeak. Egun osoan zehar musika, kirolak eta beste ekitaldi batzuk egingo dira eta, besteak beste, Ustekabe txarangak 19:00etatik 21:00etara joko du.
Bakailao Txapelketa
Hilaren 24an, bestalde, San Andres Saria Bakailao Txapelketaren XXX. edizioa egingo da Untzagan, 11:00etan. Herriko sukaldari zaletuen zita garrantzitsua da hau eta aurtengo edizioan 42 bikotek hartuko dute parte.
San Andres bezpera
Sanandresak asteburuan ospatuko ditugu aurten eta inoiz baino giro gehiago egongo dela aurreikusten dute antolakuntzan ibili diren erakunde eta kolektiboek. San Andres bezperan, hilaren 29an, musikaz beteko da gaua. Horrela, 23:00etatik 02:00etara Muxutruk erromeriak joko du. Gainera, Sexubizi programak postua jarriko du 29an eta 30ean, Untzagan, 00:00etatik 03:00etara, harreman sanoak sustatzeko (aholkularitza eta laguntza emango dute genero-erasoen prebentzioaz).
San Andres Eguna
Egun handia hilaren 30ean iritsiko da, San Andres Egunean. Ohiko denez, goizean hasita arratsaldera arte, azoka izango da protagonista. XLV. edizioa izango da aurtengoa eta Eibarko, Altzolako, Aramaioko, Markina-Xemeineko, Soraluzeko eta beste hainbat tokitako 42 ekoizleren postuak egongo dira (oraindik aldaketak egon daitezke kopuruan). Bertan, eztia, barazkiak, fruta, sagardo eta txakolina, ogia, loreak, gazta... erosteko aukera egongo da.
Ekoizleen postuak Untzagan eta Txaltxa Zelaian jarriko dituzten karpetan egongo dira, eta abereak Fermin Kalbeton kalean eta Eibarko Bizikleta Plazan egongo dira.
Goizean zehar, ostera, ekintza gehiago egongo dira. Hala nola, 11:30ean, Usartza Txistulari Bandak kalejira egingo du, 12:30ean Aizkolarien XX. Txapelketa egongo da, bertsolariek eta trikitilariek emanaldia eskainiko dute, eta Kezka Dantza Taldeak ikuskizuna emango du.
Zapatua izanda, festa gauera arte luzatuko da musika emanaldiekin. Horrela, Jaixak Herrixak Herrixandako plataformak antolatuta, 21:30ean Zatekeen Erromeriak emanaldia eskainiko du eta 23:00ean Ganibet taldea arituko da Untzagako karpan. 00:40etik 03:00etara, berriz, Udalak herritarren eskakizunei kasu eginik, Gorku eta Beato DJ eibartarrek musika jarriko dute.