San Andresen bihotzak dantzari gaztez taupaka
2025ean 32 urte beteko dira Eibarren Plazara Dantzara erromeria lehen aldiz egin zenetik. 1993ko azaroaren 26 hartan, Kezka dantza taldeak euskal dantzak plazara ateratzeko modu berri bat proposatu zuen: ikuskizunetik harago, parte-hartzea, elkarrekin dantzatzea eta dantzaren bidez gozatzeko erromeria. Eibarko San Andres jaien bihotzetako bat bihurtu da gaur egun. Urte hauetan, belaunaldi asko igaro dira Kezkaren dantza ikastaroetatik, baina azken boladan gazteen parte-hartzeak bereziki indarra hartu du. Horren adibide dira Miren Azpiri eta Irune Saez: bata ikaslea, bestea dantza-ikastaroetako irakaslea. Tradizioaren eta belaunaldi berrien arteko lotura bizi-bizia dela erakusten dute.
Gogotsu zaudete San Andres jaietarako?
Miren: Bai, oso!
Irune: Beti! Jai oso berezia da bai eibartar guztiontzat, bai dantzarientzat. Dantzarientzat bereziki data seinalatua da, ikasturteko lehenengo dantzaldi herrikoia delako. Gogotsu gaude denok.
Miren, ikasle hasiberri bezala, emozionatuta zaude?
Miren: Bai! Ea eguraldia lagun dugun… Esperientzia berri bat biziko dugu dantzari berriok San Andresen edizio honetan. Lehendabizikoz ibiliko gara plazan dantzan, eta oso pozik gaude.
Zenbatek eman dute izena aurten dantza ikasteko?
Irune: Hastapenetan askok eman dute izena aurten: berrogei bat ikasle ditut. Entseguak kaosa izaten dira, zarata aldetik batez ere. Iaz ere gazte askok eman zuten izena, baina aurten “boom” moduko bat egon da.
“Boom” bat?
Irune: Bai. Izena eman duten gazteen bi egoera daude: edo ez dute inoiz dantzan egin, edo txikiak zirenean Kezkan ibilitakoak dira. Azken horietako asko erromerian, plazetan edo farra giroan dantza batzuk egiteko gai dira. Askotan gertatu izan zait hutsetik hasten direnentzat klasea prestatu eta gero ikasleen erdiak dantza dakiela ohartzea. Hala ere, hutsetik hasten direnak badaude, eta klasea horrela planteatuta dago. Orduan, esandakoa: jakintza maila desberdinak daude.
Plazan dantza egiteko gogoa dago belaunaldi gazteen artean.
Miren: Askori gertatzen zaigu. Plazan erromeriak daudenean, jendea dantzan ikustean enbidia pixka bat sortzen zait. Beraz, erromeria batean dantzan jakitea zen nire helburua.
Irune: Edozein plazatako erromerietan beti egoten da fandango edo arin-arin bat… taldean, borobilean egiten den dantza bat. Nik uste gazteek plazan dantzatzen jakin nahi dutela.
Zer egiten duzue klasean?
Miren: Normalean dantza errazekin hasten dugu klasea, berotzeko. Gero, fandango eta arin-arinarekin jarraitzen dugu. Bi dantza horiek ikasteko zailenak dira. Eta… konturatzerako, ostras, ordua pasa da!
Zenbat hilabete daramatzazue klasean?
Miren: Urria hasieran hasi ginen. Bi hilabete daramatzagu, beraz.
Zertxobait dantzatzen badakizue, orduan.
Miren: Bai, bai! Pauso batzuk konplikatuagoak dira beste batzuk baino, baina bai!
Irune: Sinpletasunez erakusten dizkiegu dantzak, gero plazan dantzarako arazorik ez izateko. Dantzak arinak badira ere, nahiko ondo moldatzen dira.
Motibatuta ikusten dituzu ikasleak, Irune?
Irune: Oso. Gainera, ikasle gazteek plazara dantzara joateko gogo hori erakusteak asko eragiten du besteengan. Berdin dio gaztea edo heldua izan: jai-giroko gogoa kutsatu egiten da. Lehen, hainbeste gazte ez zegoenean, kosta egiten zen hastapenetako jendeak bi hilabetez dantzan ibilita plazara gerturatzea. Oraingoan, berrogei ikasletik kopuru handia izango da Untzagan.
Askori errespetua emango dio plazarako saltoa egiteak.
Miren: Normala da hori, eta jende asko begira izaten dela jakinda, are gehiago. Bestalde, egia da plaza beteta egonda jendea ez dela konturatzen dantzan gaizki egiten baduzu. Baina zuk, dantzari berri moduan, ez duzu gauza bera pentsatzen.
Irune: Azken entseguan ere esan nien: San Andresak egunik onena da dantzan estreinatzeko. Egun osoko jai-giroa dago eta bakoitza berean ibiltzen da. Ez da Euskal Jaietan bezalako egoera, ez da emanaldi bat. Beraz, lehen aldirako, jai aproposa da. Gainera, irekia eta herrikoia da; nahiz eta nor bere taldearekin joan, edozein sartzen da dantzara.
Miren, zu ere dantza-taldearekin irtengo zara?
Miren: Bai! Lauzpabost pertsona sartu ginen ikastaroan, eta hasieran ezagun genituen —eta orain lagun ditugun— beste batzuekin bat eginda, plana egingo dugu. Izen berezia duen WhatsApp taldea sortu dugu; San Andres jaietan bazkaria sozietatean egin eta dantzara joateko asmoa dugu... Etorkizunerako planak egiteko gogoz gaude.
Azkenik, zer esango zeniokete dantza probatu baina oraindik pausoa eman ez duen gazte edo helduari?
Miren: Oso esperientzia polita dela, eta animatzeko.
Irune: Probatzeko. Dantzan hasi aurretik denok gaude lotsatuta, baina lehen pausoak ematen dituzunean dena errazagoa egiten da. Norbaitek zalantza badu, datozen entseguetara etortzeko gonbita luzatzen diogu: behin sartuta, ez duzu utzi nahi izaten.