San Blas eguna Eibarren: opilaren bueltan eraikitako ohitura bizia
Otsailaren 3ak badu usain berezia Eibarren: anisarena, labe beroarena eta etxeetan aspaldiko errezetak berpizten dituen giroarena. San Blas eguna ez da jaiegun handia egutegian, baina bai herritarren egunerokoan ondo errotutako data. Urtero, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ohitura bat berritzen da.
San Blas opila da egunaren ikur nagusia. Opil borobila, anis zaporeduna, etxe askotan oraindik ere eskuz egina, eta beste askotan herriko okindegietan erositakoa. Goizetik hasita, poltsatan edo zapitan bilduta ikusten dira opilak, elizarako bidean. Izan ere, Eibarren ohikoa izan da San Blas egunean opilak bedeinkatzera eramatea; tradizioz, eztarriko gaitzen aurkako babesarekin lotu izan da, nahiz eta gaur egun askok ohitura hutsez edo modu sinbolikoan jarraitu.
Sinesmenetik kulturara
Denborarekin, San Blasen esanahia ere aldatu da. Lehen sinesmen erlijiosoari lotuago bazegoen ere, gaur egun gero eta gehiago da kultura- ohitura, identitate keinu txiki bat. Askok ez dute sinesten opilaren babes-ahalmenetan, baina bai tradizioari eustearen balioan. Herritarrek adierazi digutenez, San Blas eguna “betidanik” egin izan den ohitura bat da askorentzat, etxean ikasia eta otsailaren hasierari lotua, urtero errepikatzen den erritu txiki gisa.
Horregatik, San Blas ez da iraganeko kontua. Eguneroko erritmo azkarrean, denborari eusten dion ohitura da: ez du jaialdi handirik behar, ezta egitarau zabalik ere. Opila, data eta partekatzeko gogoa nahikoa dira.
San Blas eguna bizirik kalean
Denborarekin, San Blasen esanahia San Blas eguna gerturatzearekin batera, mugimendua nabaria da Eibarren. Dendariek berehala nabari dute sasoiaren etorrera: anisaren eta irinaren salmenta handitzen da, eta San Blas opilak ehunkadaka saltzen dira. Gaur egun ia urte osoan aurki daitezkeen arren, sasoirik indartsuena otsailaren bueltan izaten da. Askoren gustukoenak etxeko opilak dira, amaren edo amamaren errezetarekin egindakoak, nahiz eta denbora faltagatik gero eta gehiago erosten diren.
Gazteek ere ohitura bere egiten jarraitzen dute. Kalera irten gara eta bi neska gaztek adierazi digute San Blasak egun batzuk lehenago prestatzen dituztela etxean, ondoren poliki-poliki jateko. Kalean munduko San Blas opilik hoberena nongoa den galdetuta, Eibarko San Blasen kalitatea eta berezkotasuna ia aho batez goraipatzen dute herritarrek, eta familian edo lagun artean partekatzeko aitzakia ederra dela azpimarratzen dute.
Ohitura erlijiosoak, berriz, pixkanaka bigarren plano batera igaro dira, baina belaunaldi zaharrenetan presente jarraitzen dute: opilak elizara eramatea edo kordoiaren ohitura oroitzapen gisa gordetzea ohikoa da oraindik.
Ohitura txikiek egiten dute herria
Eibarren, San Blas ez da ikusgarritasun handiko festa, baina bai herri izaera islatzen duen une bat. Isilean, apalean, baina tinko iraun duen tradizioa da. Aldaketetara egokitu arren, funtsa galdu ez duen horietakoa.
Urtez urte, otsailaren 3an, opilaren bueltan elkartzen da herria. Batzuek fedez, besteek ohituraz, baina denek memoria kolektibo baten parte sentitzeko. San Blas, azken finean, Eibarko egunerokoaren kapitulu txiki baina esanguratsu horietako bat da.