Sei haize-sorgailu jartzeko enpresa batek Eusko Jaurlaritzari eskatu dion lursaila Bergarakoa da eta ez Eibarkoa, Udaletik azaldu dutenez

"Eibar izango litzateke, Elgeta eta Bergararekin batera, eragindako udalerrietako bat, baina errotak ez lirateke gure Eibarren ezarriko", esan dute
Sei haize-sorgailu jartzeko enpresa batek Eusko Jaurlaritzari eskatu dion lursaila Bergarakoa da eta ez Eibarkoa, Udaletik azaldu dutenez
2024/06/13 13:42
eta kitto!

Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak argitaratutako iragarkiak eragin duen kezka dela-eta, Ana Telleria Udaleko Hirigintza zinegotziak zera argitu nahi izan du: “Azkenean Eusko Jaurlaritzak instalazio hori baimenduko balu (tramitazioa hasierako fasean dago), Eibar izango litzateke, Elgeta eta Bergararekin batera, eragindako udalerrietako bat, baina errotak ez lirateke gure udalerrian ezarriko”. Telleria: “Bergarako Udalak —gaiak aurrera eginez gero errotak udalerri horretako lurretan jarriko lirateke (gainera, hiru udalerrietatik bakarra da instalazio horretatik onura ekonomikoa lortuko lukeena)— txostena egin beharko du hirigintzaren ikuspegitik, eta Eibarkoak eta Elgetakoak ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik. Jakina, proiektuaren ebaluazioari adi egongo gara; dena den, egitasmoa onartu aurretik —baldin eta aurrera ateratzen bada— ibilbide oso luzea geratzen da”. 

Joan den maiatzaren 15ean, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean, Eusko Jaurlaritzaren Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saileko Industria Administrazioaren Gipuzkoako Lurralde Ordezkariaren iragarkia argitaratu zen. Iragarki horren bidez, jendaurrean jarri da lehia posible baten ondorioetarako, Arena Power Solar 10 enpresak egindako aurretiazko administrazio-baimen eskabidea, Basalgo izeneko parke eolikoan 6 haize-sorgailu eta 39 eta 6 megawatteko potentzia gordina instalatzeko. 

Iragarkian bertan Eibar, Elgeta eta Bergara definitzen ziren eragindako udalerri gisa, eta, gainera, eragindako azaleraren koordenada geografikoak adierazten ziren.  Ana Telleria Hirigintzako zinegotzi ordezkari andrearen hitzetan, “jakitun izanik proiektu honek kezka eragin zezakeela eibartarrongan, eta Eibarko Udalak ez zuela egitasmoaren berri izan Aldizkari Ofizialean argitaratu arte, Gobernu Taldetik Hirigintzako eta Ingurumeneko udal-teknikariei eskatu genien gaian sakontzeko.  Lan tekniko xehe hori egin eta gero, erabateko ziurtasunez hauxe esan dezakegu: eskabideak aurrera egiten badu eta Basalgo parke eolikoa egiten bada, 6 errota horiek ez dira Eibarko lurretan jarriko, Bergarakoetan baizik". 

Nolanahi ere, instalazioaren administrazio-baimenaren prozedura (Euskal Autonomia Erkidegoan, Parke Eolikoen bidez, energia eolikotik energia elektrikoa ekoizteko instalazioak baimentzeko prozedura arautzen duen maiatzaren 28ko 115/2002 DEKRETUAN arautua) lehen fasean dago, hau da, jendaurrean jartzeko fasean, Basalgoko Parke Eolikoa ezarri eta ustiatzeko interesa duten beste enpresa batzuek, hala nahi izanez gero, eskabideak aurkeztu eta Arena Power Solar 10 sozietate eskatzailearekin, lehiatu ahal izateko.

Eskabideak aurkezteko epea amaitu ondoren, enpresek Parkearen Aurreproiektua eta bideragarritasunari buruzko azterlan tekniko-ekonomiko bat aurkeztu beharko dute Eusko Jaurlaritzaren aurrean.  Ondoren, hilabeteko epean, Energia Zuzendaritzak aukeratuko du aurreproiektu egokia, ebazpen arrazoitu bidez. Jarraian, enpresa titularrak oinarrizko proiektua eta ingurumen-inpaktuaren azterlana aurkeztu beharko ditu, eta horiek guztiak jendaurrean jarriko dira hilabeteko epean, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian eta dagokion lurraldeko Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Horretarako, eskaeraren laburpen-ohar bat argitaratuko da dagokion aldizkari ofizialean. Epe horretan, interesdunek eta edozein hiritarrek aztertu ahalko dute dokumentazioa eta alegazioak jarri.

Jendaurreko informazio-erakustaldiaren izapidea egiten ari den bitartean, instalazioak ukituko dituen udalei, aldundiari edo aldundiei eta ondasun edo eskubideren bat eraginda izango duten bestelako organismoei ere derrigorrean eskatu beharko zaizkie haien baldintzak. Baldintzak aurkezteko epea hilabeteko izango da gehienez. 

Telleriak puntu honetan zera zehaztu nahi izan du: "Bergarako Udalak —gaiak aurrera eginez gero errotak udalerri horretako lurretan jarriko lirateke (gainera, hiru udalerrietatik bakarra da instalazio horretatik onura ekonomikoa lortuko lukeena)— txostena egin beharko du hirigintzaren ikuspegitik, eta Eibarkoak eta Elgetakoak ingurumenaren eta paisaiaren ikuspegitik. Jakina, proiektuaren ebaluazioari adi egongo gara; dena den, egitasmoa onartu aurretik —baldin eta aurrera ateratzen bada— ibilbide oso luzea geratzen da”.

Udaletik azaldu dutenez, "jendaurreko informazioaren fasea amaituta eta, hala badagokio, txostenak, alegazioak eta kontraalegazioak jasota, Lurralde Bulegoak edo Energia Zuzendaritzak Ingurumen Organoari bidaliko dio proiektua, ingurumen-inpaktuaren azterlanarekin eta hari egindako alegazioekin batera, azken horrek ingurumen-inpaktuaren adierazpena egin dezan".