SexuBizi-Gune Morea egongo da Amañako jaietan
SexuBizi-Gune Morea Amañako jaietan izango da aurten ere, uztailaren 3an, ostiralez, 23:00etatik 02:00etara. Zerbitzua Amañan bertan jarriko dute, jai-giroan informazioa, aholkularitza eta genero-erasoen aurkako arreta eskaintzeko, eta jai eta aisialdiko guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko I. Protokoloaren barruan kokatzen da.
SexuBizi-Gune Morearen helburua harreman eta sexualitate osasuntsuak sustatzea da, prebentzioa jai-inguruneetara hurbilduz. Era berean, genero-erasoak prebenitzeko, erasoei aurre egiteko eta herritarren kontzientziazioa indartzeko lan egiten du.
Antolatzaileen esanetan, babesgune segurua izango da laguntza behar duen edonorentzat. Bertan, laguntza emozionala, informazioa, aholkularitza eta, behar izanez gero, beste baliabide batzuetara bideratzeko arreta eskainiko da.