SexuBizi-Gune Morea izango da Sanandresetan
San Andres jaietan SexuBizi-Gune Morea —sexualitate eta harreman osasuntsuak sustatzeko zerbitzua— egongo dela jakinarazi du Eibarko Udalak. Udalak Andretxearekin elkarlanean antolatutako gunea da.
Espazioak informazioa, aholkularitza eta genero-erasoen aurkako babesgunea eskainiko ditu, jai-giroan gertatzen diren egoerak prebenitzeko eta hauei aurre egiteko helburuarekin. Babeslekuaren bidez, gune seguru bat eskaintzea da xedea, eta era berean, genero-indarkeriari aurre egiteko bitartekoak jartzea (laguntza emozionala, informazioa, aholkularitza eta deribazioa, besteak beste).
Udalak azaldu du zerbitzua Jai eta aisialdiko guneetan eraso matxisten aurrean jarduteko I. Protokoloaren baitan kokatzen dela.
SexuBizi-Gunea azaroaren 28an (barixakua) eta azaroaren 29an (zapatua), izango da eskuragarri Untzagan, gaueko 00:00etatik 03:00etara.