Stefani de Freitas: "Edozeinek janzteko moduko jantziak erakutsiko ditut"
- Nola animatu zinen aurreko asteko kastingera joaten?
Lankideek lehiaketaren berri izan eta izena emateko animatzen ibili ziren, nik baietz esan eta probetara aurkezteko eskaera betetzea lortu zuten arte. Kontua da El Corte Ingleseko tabernan egiten dudala lan eta, jakina, dendaren inguruan edozer antolatzen duten bakoitzean berehala izaten dugula horren berri. Bestalde, 300 euroko saria irabazteko aukera izatea ere bada nahikoa pizgarri.
- Gaur pasarela gainean ibiliko zaren lehen aldia izango da?
Bigarren aldiz jardungo dut desfile batean modelo, izan ere Toribio Etxebarriako dendan orain dela hiruzpalau hilabete desfile bat antolatu zuten eta han parte hartzen izan nintzen, hura izan zen modelo modura jardun nuen lehen aldia, beraz gaurko desfilerako esperientzia piska bat badaukat.
- Nolako jantziak erakutsiko dituzu?
Bai, gaur bertan probatzen ibili naiz. Berez, El Corte Inglesak gazteen sailean saltzen dituen arropak erakusteko antolatu dute desfilea, El Corte Inglesaren markak jendearen artean ezagutzera emateko. Pasarela gainean erakusteko jantziko dudan guztia dendan salgai dago, edozeinek erosteko moduan. Denboraldi honetan moda-modan dauden arropa eta osagarriak probatzen ibili naiz, erakutsiko ditudan konjuntoak osatu arte. Berez, banan banan hartuz gero, edozeinek janzteko moduko jantziak dira, egunerokotasunean ia inork ez ditu jantziko nik erakutsiko ditudan moduan konbinatuta.
- Esperientzia honen ondoren moda munduan gehiago sartzen joatea pentsatu duzu?
Ez, ez. Ez naiz modak bereziki erakarrita sentitzen, gauza batzuk gustatzen zaizkit eta badauzkat nire gustuak-eta, baina, orohar, ez dut nere burua moda kontuetan ikusten.