Sukaldeko olioa eta kafe kapsulak biltzeko lanak indartuko ditu Debabarreneko Mankomunitateak astelehenetik aurrera
Debabarrenako Mankomunitateak sukaldeko olioa eta kafe kapsulak biltzeko lanak indartuko ditu uztailaren 22tik (astelehena) aurrera, kontratu berri baten bidez. Zerbitzua Ekogras enpresari esleitu zaio, 81.730 euroko kostua izango du, eta datozen bi urteetarako izango da.
Gainera, kontratu horren barruan, kafe kapsulentzako 11 edukiontzi berri jarriko dira minigarbiguneen ondoan, irisgarritasuna hobetzeko eta hondakin horiek birziklatzea sustatzeko helburuarekin. Minigarbiguneetan etxeko hondakin arriskutsuak uzten jarraitu ahal izango da, hala nola pintura pote txikiak, aerosolak, pilak, erradiografiak, eta arriskutsuak ez diren hondakinak, hala nola CDS eta DVDak.
Bilketari eta birziklatzeari buruzko datuak
Debabarreneko Mankomunitatetik azaldu dutenez, "urte hasieratik ekainera bitarte, 6.292 kg kafe kapsula eta 24.991 kg sukaldeko olio jaso dira. Ahalegin horrek, beraz, agerian uzten du komunitateak birziklatzearekin eta hondakinen kudeaketa egokiarekin duen konpromisoa". Kafe kapsulak Gipuzkoako Alegi herrian Ekograsek duen lantegira eramaten dira; sukaldeko olio erabilia, berriz, Nafarroako birziklatze planta batera eramaten da.
Kafe kapsulak bananduta jasotzen dira 2021eko martxoaz geroztik
Mankomunitateak 2021eko martxoan jarri zuen abian minigarbiguneetan kafe kapsulak biltzeko zerbitzua, Nestlé enpresarekin sinatutako hitzarmenari esker. 2022an 5.325 kg kapsula jaso zirela ikusita, eta herritarrei kapsulak behar bezala bereizteko lana erraztearren, eskualdean 45 edukiontzi berri jartzea erabaki zuen Mankomunitateak, kafe kapsulak soilik jasotzeko. Uztailaren 22tik aurrera (astelehena), guztira 56 edukiontzi izango dituzte eskura Debabarrenako herritarrek.
Era horretan, Mankomunitateak hondakin horiek modu aktiboan bereiztera animatu nahi ditu herritarrak: "Sukaldeko olioa eta kafe kapsulak behar bezala kudeatzea funtsezkoa da ingurumena babesteko, kutsadura murrizten eta iraunkortasuna sustatzen laguntzen baita. Gainera, hondakin horiek behar bezala bereizteak kostuak murrizten laguntzen du, komunitate osoari onura egiteaz gain".