Tantanez Tantan Eibarren euskaraz bizi! jaia hilaren 31n ospatuko da
Herriko euskalgintzako hainbat ordezkarik gaur (eguaztena, hilak 21) Arrate Kultur Elkartean egindako aurkezpenean azaldu dutenez, maiatzaren 31n Tantanez Tantan edo Gantxillaren jaia moduan ezagutzen duguna egingo da, Eibarko euskalgintzaren eskutik. Urtean zehar, Eibarren, euskararen alde hainbat ekitaldi egiten dira baina bada bat, eibartarrontzat berezia dena: Tantanez Tantan edo Gantxillaren jaia moduan ezagutzen duguna. Bi urtetik behin egiten den ekitaldiak 4. edizioa beteko du aurten, eta aurreko urteetan egindakoari jarraituz, 13.00ean Urkizuko iturrian gantxilla urez bete eta Untzagaraino eramango da, antolatzaileen berbetan “eskuz esku giza katean, eibartarrok euskaraz bizi nahi dugula berriz ere aldarrikatzeko. Herriko elkarte eta talde guztiei egin diegu gonbidapena baina ekimena nahi duten guztientzat irekia izango da”. Antolatzaileek herritar guztiak animatu nahi dituzte, Untzagaraino joango den giza katearekin bat egin dezaten.
3 zatiko ibilbidea
Aurtengoan ere ibilbideak hiru zati izango ditu: Urkizu-Ibarkurutze, Ibarkurutze-Anbulategia eta Anbulategia-Untzaga. Antolatzaileek diotenez, “gonbidapenak egiterako orduan talde bakoitzari tarte bat egokitu diogu, tarte bakoitzean jendea egongo dela ziurtatzeko, baina gainontzeko herritarrek nahi duten lekuan egoteko aukera izango dute. Horrez gainera, lepoan koadrodun zapia eramatea ere eskatzen dugu”. Urkizutik irten nahi duenak 12.30etarako bertan egotea komeni da. Gantxilla 13.00ean irtengo da Urkizutik, “aurten Gurasoak Berbetan mintzapraktika egitasmoko kideek beteko dute gantxilla, euskeraren transmisioaren alde egiten duten lanaren errekonozimendua izango da. Eta hortik Aurrera, eskuz esku giza katean, Untzagaraino joango gara”.
Amaierako ekitaldia Untzagan
Klub Deportiboak aurten 90 urte betetzen dituela-eta, eurek irakurriko dute ekitaldi-amaierako aldarrikapena. Baina aurten bada berritasunik; izan ere, egun horretarako propio bertsoa sortu dute bertso-eskolakoek (bertan duzue bertsoa), ikastetxe guztietan banatu dute ikasle eta irakasleek ikas dezaten eta Untzagan bildutako guztiek abestuko dute. Kezkaren eskutik euskal-dantzak ere izango dira. Hitzordua, beraz, datorren maiatzaren 31n, zapatua, izango dugu euskalzale guztiok.