Teknologia berrien erabilera eta adikzioen prebentzioari buruzko saioa antolatu du Altxau Burua elkarteak astelehenerako

Altxa Burua elkarteak herritar guztiak gonbidatu ditu Errebal plazako lokaletara gerturatzera. Formakuntza hau adikzioen prebentzioan espezializatuta dagoen Orain Prebentzioa elkartearen eskutik dator, eta teknologiaren erabilerari buruzko ikuspegi hezitzaile eta arduratsua helarazi nahi du.
Teknologia berrien erabilera eta adikzioen prebentzioari buruzko saioa antolatu du Altxau Burua elkarteak astelehenerako
2026/05/22 13:41
Ana Aizpurua

Eibarko Altxa Burua elkarteak teknologiaren erabilerari eta adikzioei buruzko formakuntza saio berezi bat antolatu du maiatzaren 25erako. Hitzordua Errebal plazako gela anitzean izango da, 18:15etik aurrera, eta herritar guztiak gonbidatuta daude.

Ekimen honen helburu nagusia sare sozialen eta bideojokoen adikzioaren inguruko gakoak aztertzea da, bereziki familietan duten eragina oinarri hartuta. Horretarako, Orainprebentzioa elkarteko kide den Mikel Cerezo gonbidatu dute. Cerezo 2003an Donostian sortutako erakunde honetako aditua da eta, aldi berean, Altxa Burua Gipuzkoako talde eragilean parte hartzen du.

Saioa mahai-inguru formatuan egingo da, bertaratzen direnei teknologiaren erabilera osasungarria sustatzeko tresna praktikoak eskaintzeko asmoz. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gurasoek seme-alaben bizitzan teknologiek duten eragina kudeatzeko baliabideak eskuratzea funtsezkoa da gaur egungo gizartean.