‘Zilarrezko Haria’ dei-sprint solidarioa egingo dute eguenean Untzaga Gizarte Etxean

Eibarko Udalak, Danobatek, Kutxa Fundazioak eta Untzaga Gizarte Etxeak elkarlanean antolatu dute ekimena. 10:00etatik 14:00etara, adinekoei doako telefono bidezko laguntza eskainiko diete.
‘Zilarrezko Haria’ dei-sprint solidarioa egingo dute eguenean Untzaga Gizarte Etxean
2026/11/03 13:12
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Nahi gabeko bakardade-egoeran dauden adinekoei konpainia egiteko elkartasun-deien esprinta egingo dute eguen honetan, azaroak 5, Eibarren. Eibarko Udalak, Danobatek, Kutxa Fundazioak eta Untzaga Gizarte Etxeak elkarlanean antolatu dute ekimena, Nagusilanen Zilarrezko Haria zerbitzuaren bidez. Lau orduz, 10:00etatik 14:00etara, adinekoekin telefonoz harremanetan jarriko dira, haiekin hitz egin eta entzuteko.

Ekimenaren berri eman dute Sagrario Sanchez Untzaga Gizarte Etxeko presidenteak, Joserra Ezenarro Nagusilaneko presidenteak eta Jon Iraola Eibarko alkateak. Sei telefono jarriko dituzte, eta deiak ordu erdiko txandetan egingo dituzte. Parte-hartzaileek, txanda hasi aurretik, Nagusilanen eta Zilarrezko Haria zerbitzuaren berri jasoko dute, baita adinekoekin modu hurbil eta errespetuzkoan hitz egiteko gomendio batzuk ere.

Ezenarrok azaldu duenez, Zilarrezko Haria doako telefono bidezko laguntza-zerbitzua da, nahi gabeko bakardade-egoeran dauden adinekoentzat. Nagusilaneko boluntarioek deitu egiten diete, haiekin hitz egiteko, entzuteko eta konpainia egiteko. Eguneroko kontuez aritzen dira, hala nola familiaz, herriaz, zaletasunez edo eguna nola joan den; batzuetan, kezkez ere hitz egiten dute. «Askotan, garrantzitsuena arretaz eta maitasunez entzuteko tarte bat eskaintzea da», azaldu du Nagusilaneko presidenteak. Zerbitzua ez da larrialdietarako edo osasun-arretarako, konpainia, solasaldia eta gertutasuna eskaintzeko baizik.

Iraolak, berriz, erakundeen, enpresen eta gizarte-eragileen arteko elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, nahi gabeko bakardadeari aurre egiteko. Haren esanetan, horrelako ekimenek bakardade-egoeran dauden pertsonengana iristen laguntzen dute.

Adinekoengana iristeko deia

Aurten, Zumaian, Zumarraga-Urretxun eta Irunen egin dituzte antzeko dei-sprintak, eta harrera ona izan dute. Eibarko ekimenaren bidez, zerbitzua herritar gehiagorengana zabaldu nahi dute. Ezenarrok adierazi duenez, boluntario gehiago behar dituzte Eibarren, baina, batez ere, Zilarrezko Haria lagungarri izan dakiekeen adinekoengana iritsi nahi dute.

Horretarako, herritarren laguntza eskatu dute, bakardade-egoeran egon daitekeen adineko pertsonaren bat ezagutzen badute zerbitzuaren berri eman eta Nagusilanekin harremanetan jartzen laguntzeko.

Dei-sprinta goiz bateko ekimena izango da, baina Zilarrezko Haria urte osoan dago martxan. Zerbitzua erabiltzeko, adinekoek doan dei dezakete 900 713 771 telefono-zenbakira. Une horretan ezin badute erantzun, izena eta telefono-zenbakia utz ditzakete, Nagusilanetik gerora deitzeko.

Dei-sprintean parte hartu nahi duten elkarte eta taldeek sprint@jubiletxeuntzaga.com helbidera idatz dezakete.